viernes, 28 de mayo de 2021

Periquete toponimoa

 Periquete izeneko aurkintza Araban dago, Lantziego herrian. Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoa nahiko argia da, eta aldaketa larririk gertatu ezean, hemen aurkeztuko den etimologiak ez luke arazorik izango.
Toponimoa erdaraz sortuko zen eta badago gaztelaniazko hitz bat homofonoa dena, periquete 'denbora tarte oso laburra', baina alde semantikoan ez litzateke egokia. Hala ere, antroponimian bada Periquet(e) hipokoristikoa, eta honek ez luke inolako arazorik izango, bi alderdiak, formala eta semantikoa, betetzen dituelako.
Euskaraz ere ezaguna da antroponimo hau, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan badira izen honen hainbat lekuko, 122. or.:

Periket (Per, Pero, Peru). Soraurengo Periquetena oikonimoan azaltzen zaigu (1589, Ih.p., 2, 1605, 1606, Ue.p., 42; 1726an Periquitenecoa ageri da). Saurak Benasquen (1999-2000: 174) Petriquet bildu du.
Antroponimoak bi atzizki izango lituzke, -ico eta -et(e). Euskaraz ere sortua izan zitekeen, baina erdararen lekukoek erakusten dute antroponimo honen hedapena handiagoa zela eta bere jatorria, beharbada, iparraldean bilatu beharra dago.

No hay comentarios:

Publicar un comentario