Trintxinea da Behaskane-Laphizketako etxe bat, Nafarroa Beherean. Toponimoaren lekukotza oso goiz hasten da, XIV. mendean, baina hurrengoa XIX. mendekoa da:
trinchay (1350 [2000])Ahozko aldaera azken lekukoaren berdintsua da:
trinchin (1826)
trinchinia (1970)
trintxinia (2005) [IP.TOP.IKER]Lehenengo lekukoa besteetatik urruntzen da bukaeratik, ez dauka sudurkaririk. Kontuan izanik azken lekukoak, toponimoa *Trintxain izan liteke eta lekuko zaharrenean bukaerako sudurkaria jarri gabe geratu zen. Beste bilakaerak dira, batetik ai > i diptongoaren soiltzea eta, azkenik, toponimoak -e paragogiko bat jaso zuen, sortaldeko toponimo asko bezala (cf. Parise, Paris + -(e)n > Parisen > Parise + -(e)n). Azkenik, bukaeran -a artikulua ere gehitu zaio. Toponimoak, beraz, bilakaera luzea izan du: *Trinxain > *Trinxaine + -a > *Trinxainia > Trinxinia.
trintxineko (2005) [IP.TOP.IKER]
*Trinxain zaharrena azaltzeko, bukaerak salatzen du -ain atzizkia bazela eta hala bazen, oinarrian antroponimo bat izan zitekeen, beharbada Terentius latina eta hori kontuan izanik *Terentiani moduko izen bat izango zen jatorrian. Bilakaera honetan ere zenbait aldaketa gertatu dira; hasteko, sinkopa izan da lehenengo bi silabetan, eta -e- > -i- bokal igoera izan da, beharbada hurrengo silabakoaren asimilazioaz (cf. Derandain toponimoaren ahozko aldaera, Diandin). Gainera -tia- > -xa- palatalizazioa dago, latin jatorriko toponimo zaharretan ugari den bilakaera, cf. Lutxana (Bizkaia).
Trintxinea toponimorako proposatutako etimologia zuzena balitz, Nafarroako Gerendiain toponimoa jatorri berekoa izango litzateke eta oso nabari da biak oso ezberdinak direla, Nafarroa Behereko toponimoaren bilakaera bestea baino askoz luzeagoa izan delako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario