viernes, 27 de agosto de 2021

Udaola toponimoa

 Ataun inguruko toponimo hau bi lekukoren bitartez ezaguna zaigu, Erdi Aroko agiri batetik eskuratua. Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuan daude toponimoaren lekukoak, 18. agirian, 1409. urtean:

Estos son los seles que ha el solar de Lazcano en la syerra de Aralar: primeramente Armaybarrutya, Armayleoytia, Vdaola, Verraga...
Oin-ohar batean beste agiri baten aldaera jarri dute: 23. Ídem dice “Hudaola”.
Aldaera honek ez du eraginik egingo den azterketa etimologikoarekin. Bi elementuz osaturik izango zen, uda eta ola. Biak aski ezagunak, uda eguneroko hizketan ohikoa da eta ola oso hedaturik dago toponimian, 'etxola; burdinola' esanahiekin.
Toponimoaren elementuak argiak dira eta beharbada azalpen bat izan liteke aipatutako ola hori uda aldean erabilia zela. Egun, Udasaroi izeneko toponimoa dago Idiazabalen, aurkintza bat izendatzeko. Hau izango zen uda + saroi, ziurrenik udan saroi erabilera izango zuelako.
Uda izena oso goiz agertzen da euskal testuetan, Orotariko Euskal Hiztegian dagoen lehenengoa 1566. urtekoa da:
Orain negua bada ere / etorriko da udea. (Azcoitia, 1566). FLV 1991, 289
Nahiz eta lekuko goiztiarra izan, Udaola toponimoak uda hitzaren lehenengo lekukoa ia 150 urtez aurreratuko luke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario