lunes, 3 de octubre de 2022

Zarikete toponimoa

 Zarikete da Bizkaiko Turtzioz herriko haitz muturra.
Lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, XVII. eta XVIII. mendeetan lekuko batzuk daude:

Baina Zariketi aldaera ere bada eta aipatutako web-gunean aurreko mendetako lekuko batzuk daude:

Datak kontuan hartuz, Zariketi zaharragoa da, baina ez urte askorengatik. Zariketeren lekukoak ere ugariak dira, baina Zariketirenak gehiago dira. Bide batez, Zariketaren lekuko bat dago, XVII. mende bukaerakoa:

Hiru aldaera daude, baina azkena bakarra denez, jatorrizkoaren lehian bi izen ditugu, Zarikete eta Zariketi. Dirudienez, lekukoen jatorria bilatuz, Zariketi Zallako aldaera da eta Zarikete, Sopuertakoa. Kontuak eginez, Zariketi gehiagotan agertzen da eta zaharragoa da, baina ez bestea baino askoz zaharragoa. Beraz, lehentasuna Zariketik izan beharko luke eta egungo izena azaltzeko, -i > -e erdararen joera aipatu beharko litzateke. Baina izenak euskararen antza du eta horrek azalpen luzea eskatzen du.
Toponimoaren oinarrian zarika hitza egon daiteke, zuhaitz baten izena. Ondoren -eta atzizkia izango zen eta sortutako toponimoa Zariketa izango zen. Baina toponimoak aldaketa batzuk jasan zituen, aldaketa ezohikoak. Batetik bukaerako bokala aldatu zen, aldaketa bera Zubiete toponimoan ere gertatu zen, beharbada beste toponimo batzuetan aldaketa hori gertatu zenean, Zariketari ere gertatu zitzaion, eta Zarikete sortu zen. Ondoren, lehenago adierazia izan da -i > -e joera dagoela gaztelaniaz, horrela, euskal toponimo batzuk aldatu dira, beharbada ezagunena Oñati da, erdaraz Oñate dena. Beraz, Zarikete bazen eta gerta likete hiztunek jakitea toponimo batzuetan aipatutako aldaketa gertatzen zela eta orduan, jatorrizko zena berreskuratu nahi zuten, lehenago ez zen Zariketi sortuz. Horri hiperzuzenketa deitzen zaio.
Aipatu gabe geratu da zarika hitzaren eremua ez dela sartaldea, aitzitik, zarika ezaguna da sortaldean eta erdialdean. Hala ere, litekeena da hitza behin euskararen eremu osokoa zena baina gero sartaldean galdu zela, baina egoera zaharraren erakusle, bakarbada bakarra, Zarikete toponimoa da.

Eguneraketa (2025-06-13):
Sarreran proposatu genuen jatorrizko izena Zariketa zela eta horren lekuko bat dago Archivo Foral de Bizkaia Sección Municipal. Documentación Medieval (1326-1520) liburuaren 10. agirian, 1415. urtean:

... y por la era de Sagarminaga fasta el arroyo que viene de Gallarega, arroyo fasta el camino que baja de Minaur al sel de Zaoqueta, en la qual instancia de camino e arroyo dijeron que pusieron mojon Juan Lopez de Maruri, alcalde de Salzedo, vezino de Zalla, y Sancho de Gue es, procurador del concejo de Gue es, e Juan de Llano y Fortun Yva ez de Solarrate, vezinos de Oquendo; y dende en adelante en el dicho camino que pusieron mojon en Lucobieta estos sobredichos monbrados, y otro mojon y dende adelante el camino siguiente que pusieron otro mojon sobre el sel de Zariqueta e que llega este termino a una piedra vlanca que aze entre Caneta y Ercudui, y de Ercudui al arroyo de Araneta que llega a la agua mayor al canpo de Lararrieta, mas abajo de Sodupe.
Testu berean, Zariketaz gain, Zaoketa aipatzen dute, beharbada toponimo bera. Hala balitz, kakografia gertatuko zen. Agirian aipatzen diren toponimoak inguru horretakoak dira eta horregatik sinestekoa da egungo Zarikete ere aipatua dela. Hala izan bazen, toponimoaren lehen data ia 250 urte aurreratuko litzateke eta gainera, proposatu den etimologiarekin bat egingo luke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario