Urdieta da Zuiako erreka-zuloa, sakana. Izendegi ofizialean lekuko ugari agertzen dira baina guztiak dira XX. mendearen bigarren erdialdekoak eta guztietan izen bera dago. Berbera gertatzen da Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitutako lekukoarekin:
URDIETA, monte y arroyo en Altube.Izen bakarra dago aztertzeko eta bi elementu izango zituen, bukaerakoa argia da, -eta atzizkia, baina ez hainbeste oinarrikoa. Hala ere, uste badugu aldaketa txiki bat gertatu dela, toponimoa gardenduko da. Ziurrenik bokal disimilazio bat gertatu zen, bi bokal berdinak elkarren ondoan gertatu ziren eta toponimoaren egitura gordetzeko, bi bokalak bereizi ziren, e-e > i-e. Berdina gertatu zen, antza, Etxeita toponimoarekin. Arabako toponimoarkein atzeranzko urratsa egin eta *Urdeeta berreskuratuko genuke, hau da, urde + -eta. Horrelako elkarketak ez dira ohikoak, animalia izenekin -eta atzizkia izatea, baina adibideak badira, Listorreta toponimoa bezala.
Azkenik, nabarmentzekoa da toponimian arrunta dela urde izena eta ez txerri. Horrelakoa da Urdaibai toponimo ezaguna Bizkaian.
No hay comentarios:
Publicar un comentario