miércoles, 3 de junio de 2026

Agizano toponimoa

Agizano da Argiñaoko aurkintza bat, Nafarroan. Toponimoaren lekuko zaharrenak XVIII. mende hasierakoak dira eta hasierako bi fonemak ezberdinak dira:
equizanogoena (1704)
equizano celaia (1704)
equizano barrena (1704)
Urte gutxitara herskari ahostuna agertzen hasten da:
eguizano celaia (1713)
eguizano zarrera (1716)
XIX. mende bukaeran egun duen izena dago, baina beste aldaera batzuk ere agertzen dira:
aguizano (1894)
arizano (1894)
eguizano (1894)
Bilakera ezohikoa du, baina kontuan izanik lekuko zaharrenetako batasuna, bilakaera horrela izan zitekeen: Ekizano > Egizano > Agizano.
Etimologiarekin hasiz, aukera bat izan liteke pentsatzea bukaeran -ano atzizkia dagoela, baina toponimo txikia da eta lekukoetan inoiz ez da agertu sudurkari gabeko aldaerarik. Hori dela eta, beste aukera bat dago, -no atzizki txikigarria. Hala bazen, oinarrian *ekitza genuke. Izan ere, Nafarroan badira Ekiza toponimoak, Artzibarko Ekiza, Labaiengo Ekiza, eta toponimo eratorri gehiago. Toponimo hauetako sarreran Ekiza eta Eguzkitza berdintzen dituzte, beraz, batzuen oinarrian eguzki dago eta besteetan eki dago. Egun hitz honen erabil-eremua txikia da, baina lekuko toponimikoek erakusten digute lehenagoko egoera ezberdina zela, eki hedatuago zegoela.
Gipuzkoan, Eguzkitza toponimoak behin eta berriz agertzen dira, lurralde horretan jaun eta jabe dira, baina Nafarroan, nabaria denez, egoera bestelakoa zen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario