Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Erdi Aroko testu batean agertua, Archivo Municipal de Zestoa (1338-1520) liburuan, 1479. urtean, 36. agiria, 142. or.:
"... en el manzanal de Martín de Zubiaurre e su sobrino, dicho Ochoasagastia...".
Dirudienez, Otxoasagastia Zestoa aldean izango zen, baina badirudi gure egunetaraino ez dela heldu.
Toponimoak ez du zailtasun handirik, Otxoa antroponimoa eta sagasti izena, -a artikulua ahaztu gabe. Blog honetan ere sagasti izena duen toponimoa aztertua izan zen, Apalasagasti toponimoa.
Lekuko bakar honek badu alde interesgarria, han adierazten delako toponimoa sagasti ("manzanal") bat zela. Beraz, toponimoa sortu zenetik bildu zenera arte sagastia izan zen, urteak, hamarkadak edo mendeak igaro arren. Beharbada, toponimoaren galera etorri zen lur horrek zeukan funtzioa, sagastiarena, galdu zuelako. Dena den, hori irudikapen hutsa baino ez da, baina toponimo honetan izena eta izana elkarrekin loturik ibili ziren garai batean, agian mendeetan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario