martes, 4 de diciembre de 2018

Marrubi hitza

Marrubi hitz ezaguna, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, lehenengo lekukoa Silvain Pouvreauren hiztegian izango litzateke, XVII. mendearen erdi aldean. Baina Erdi Aroko erdal testuetan agertzen diren hitz ugarien artean marrubi hitzak ere lekua badu, Juan de Marrubiza gizonaren izenean. Lekuko hori Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuan bada. Bost aldiz agertu da izen hori, 1500. urtean, 40. agirian. Behin Juan de Marruguiça bezala eta beste hiruretan Juan de Marrubiça. Gero, 48. agirian Juanes de Marrubiça, hau ere 1500. urtekoa.
Beraz, kopuruaren aldetik toponimoa Marrubiza izango zen. Gainera, Orotariko Euskal Hiztegiaren marrubi sarreran ez du ematen *marrugi aldaerarik.
Marrubiza toponimoaren azterketa erraza da erabat, marrubi + -tza, ugaritasun atzizkia.
Lekuko horiei esker, marrubi hitzaren lehenengo lekukoa 150 urtetan atzera daiteke. Eta, beharbada, *marrubitza hitza bazela uste dezakegu, egun landare multzoak izendatzeko -di atzizkia erabiltzen badugu ere, hala nola hariztia, urkidia, pinudia... Lehenago -tza izan zitekeen atzizki aukeratua.

2 comentarios:

  1. OEHren balio bera ez du izango akaso, baina Abaltzisketatik ezagunak zaizkit, hangoa bainuen aita, marrugi eta piñugi.

    ResponderEliminar
  2. Eskerrik esko zure iruzkinagatik. Marrugi hitzaz, OEHak iturri askotatik jaso ditu hitzak, baina ziurra da asko eta asko kanpoan geratu direla. Marrugi izan liteke bat, toponimo honetan beharbada ez dagoena baina, hala ere, bizitza izan duena.

    ResponderEliminar