sábado, 27 de junio de 2020

Arraskue toponimoa

Oiartzungo Arraskue baserria da, baita errota ere. Badu, gainera, toponimo eratorri bat, Arraskuelarre izeneko tontorra.
Herri honetako toponimoak aztertzen dituen liburuan, Oiartzungo toponimia izenekoan informazio gehiago bada, 89. or.:
Arraskue. Baserria.
Karrikako baserria, aldameneko bailara zabal eta lau batean kokatua. Ia beti modu honetan dokumentatzen da, —e- letraz amaitua. Hurbilean dagoen goraguneak, tontorrean gurutze bat duenak, Arraskuelarre izena hartzen du.
Bailara honetan etxe garrantzitsua izan zen. Izan ere, Karrikako ibai nagusiaren ertzean kokatua, izen bereko errota dago: Arraskuerrota.
Ez du lekuko zaharrik ematen, baina badira beste liburu batean, Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) izenburuko liburuan badira Arraskue toponimoaren hainbat agerpen, hemen agertuko diren guztiak agiria berekoak eta beraz, urte berekoak, 1. agirian, 1499. urtean badira aipamen batzuk:
don Miguell de Arrascue
Martie de Arrascue
Pero Arrascue
Horiek guztiak antroponimo batzuei lotuak baina toponimo bera aipatua da, agiri berean, liburuaren 91. or.:
E la casa de Arrascue estimaron en veynte e dos millares pequennos: XXII U pequennos
Las tierras que tiene desde la armora que tiene en las espaldas de la casa, por el camino, fasta fasta (sic) vn arroyvelo qu’es entremedio de Arrascue e Arburua, por el dicho arroyo arriva, dexando de Arburua a mano derecha, subir a dos mojones qu’están, que rreparten tierras con Arburua, con Arrascue e hasta las tierras e armora de Heyçaguyrre e los exidos, estimaron tierras de dos mill pies de mançano.
Beraz, Arraskue da aztertzeko aldaera, bost mendetan iraun duena. Toponimoak bi elementu izango lituzke, harraska eta gune. Azken hitz honek baditu hainbat aldaera. Arraskue toponimoko sudurkaria, adibidez, galdua da. Horrela, arraska + gu(n)e > *Arraskague izan zitekeen toponimo sortu berria eta gero bokalarteko /g/ galdu eta aue bezalako bokal bilkura soilduko zen, egun eta aspalditik ezaguna den Arraskue toponimoa geratuz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario