sábado, 18 de julio de 2020

Zikirioza eta Zikiriozazabal toponimoak

Toponimo arabarrak dira eta horrela jaso zituen Gerardo Lopez de Gereñuk bere Onomasticon 5: Toponimia alavesa : seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburu ezagunean:
Ciquirioza, monte de Anda. 1696, labrantío de Arroyabe.
Ciquiriozazabal, 1722, labrantío de Mendiola.
Zikiriotza hitza bada Orotariko Euskal Hiztegian, baina oso lekukotza urria du:
zikiriotza.
Centenal. v. zikiriodi.
Zure garitza, zikiriotza, garagartza, zalketza, olotza ta idartza yori-aberatsak. Larrak EG 1959 (3-6), 224.

Hitz hau eratorria da, -tza atzizkia duelako eta oinarrian zikirio izena bada, "Centeno", Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera. Lekuko zaharrena XVIII. mende bukaera aldekoa litzateke eta horrek esan nahi lekuko toponimikoa zaharragoa dela, mende bat zaharragoa eta, beraz, zikirio hitzaren lehenengo lekukoa mende bat aurreratuko luke toponimo arabarrak. Zikiriotza hitzaren kasuan, aurrerapena askoz handiagoa litzateke, 250 urte ingurukoa.
Lekuko toponimiko hauek, nahiz eta Erdi Arokoak ez izan, hitz batzuen lekukotzaren kronologian sakontzeko laguntzen dute, baita hitzen erabilera eremu geografikoak kontuan harturik.

Eguneraketa (2026-03-23):
Toponimoaren lekukoetako zaharrena XVII. mendearen bukaerakoa zen, zehazki, 1696. urtekoa. Hala ere, beharbada lekuko zaharrago bat dago Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta 1623. urteko deitura batek oso izen antzekoa du, Çicorioça:

Lekuko gehiagorik ez dago, ez Zikorioza, ezta Zikirioza ere, baina pentsatu daiteke aztertutako toponimoaren aldaera dela, nahiz eta Bergaran kokatu bataio agiria. Gurasoen deitura gehienak Araba aldekoak dira, Zikirioza toponimoa bezala. Beraz, ziurtasun osorik izan gabe, toponimoaren lekukotza XVII. mende hasieraraino hedatuko litzateke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario