lunes, 21 de julio de 2025

Miskina toponimoa

 Miskina da Barrundia udalerriko soro bat, Araban. Lekukotza ez da zaharra, lehenengoak XX. mende bukaerakoak direlako, izenak ez du aldaerarik eta, beraz, izen bakarra dago analizatzeko. Euskaraz bada ongi egokitzen zaion hitz bat, mizkin, eta bukaerako bokala artikulua izan daiteke. Hitz hori lurrari buruzkoa izan daiteke, edo lur hori landu zuenaren izengoitia. Gainera, ez da ahaztu behar Araban bertan Mezkia herria dagoela, lekuko zaharrenetan Mizkina izena zuela. Baina aspalditik galdu zen bukaerako silaban sudurkaria eta horregatik, askoz zailagoa litzateke soro batek horrelako izena hartzea. Azkenik, mezquino hitza gaztelaniaz ere ezaguna da, baina udalerri hori euskalduna izan da berriki arte eta orduan izena hurbilago izango zen erdal hitzetik, hau da, *Mezquina sortu beharko zen. Erdal hitzarekiko ezberdintasunek salatzen dute bere jatorria euskaraz izango zela, ziurrenik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario