jueves, 14 de agosto de 2025

Iturain toponimoa

 Iturain da Imizkotz udalerriko aurkintza bat. Toponimoak ez du lekukotza zahar handirik, bildutako zaharrena duela mende batekoa delako:

iturain (1930)
iturain (1996)
Iturain (2019)
Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Iturain deituraren lekuko ugari daude XVI. mendearen erditik, ia guztiak Donostiakoak:

Kontuan izanik Imizkozko toponimoaren lekukotza, gerta zitekeen beste Iturain bat izatea, Gipuzkoako sortaldean, Donostia inguruan. Edonola ere, bi izenak berdinak dira eta litekeena da jatorri bera izatea, bi toponimo izan arren.
Toponimoak bi elementu izango zituen, bukaeran -ain atzizkia oso ohikoa Nafarroan, baina beste lurraldeetan ere ez da ezezaguna. Aipatutako atzizkiaren aurrean antroponimo bat izan ohi da eta ongi egokitzen zaiona Vetulus izan liteke, Iiro Kajantoren The Latin Cognomina liburuan aipatua: Vetulus 302.
Bilakaera luzea izan zuen toponimo honek, hasierako bi fonemetan aldaketak daude, alde batetik kontsonantea galdu zen eta hau ez da ezohikoa, Eraso toponimoen oinarria *Beraso antroponimoa izan daitekeelako, adibidez. Beste aldaketa bat hasierako bokalari gertatuko zitzaion, e > i; bilakaera hau hitz zahar batzuetan gertatutako bera litzateke, ekusi > ikusi, ebili > ibili aditzetan, asimilazio bokaliko bat.
Azkenik, bokal arteko albokoa dardarkari bihurtu zen, hau ohikoa da mailegu zaharrekin. Beraz, aipatutako aldaketa hauek guztiek erakutsiko lukete toponimo honen jasan dituen aldaketak oso zaharrak direla eta, halaber, toponimo bera ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario