Toponimo hau Arabakoa da, eta lekukoak G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburutik jasotakoak dira:
"ANDRAMILAMADURA, 1716, término de Trocóniz.
ANDRAMILLAMADURA, 1689, mojonera de Trocóniz.
ANDRAMILIAMADURAGAIÑA, 1737, labrantío de Trocóniz.
ANDRAMILIAMADURA, 1548, mojonera de Elburgo."
Lekukoak Trokoiz (g. Trocóniz) eta Burgu (g. Elburgo) herrietakoak dira. Herri mugakideak izanik, toponimo bakarra izango zen. Bi lekukotan, gainera, mojonera aipatzen da, hau da mugarri lekua bezala itzul daitekeena.
Andramiliamadura litzateke lekuko zaharrena, Andramiliamaduragaiña toponimo eratorrian ere agertzen da aldaera hau. Bi (edo hiru) elementuz osatutako izena litzateke, oinarria antroponimikoa litzateke, andra eta Milia. Izen hau ezaguna da Andre Emili, andre gora kantu zahar ezagunean. Bi bertsio zahar heldu dira idatziz, 1665. urteko Andr´Emili´ andre gora, Oihenartek jasoa eta 1800. urte inguruko Andre Emili, andre gora G. Humboldt-ek jasoa. Lehenagokoa da Milia Lasturkoren eresia, XV-XVI. mendeetakoa, testuan andra Milia Lasturco dena gaztelaniaz Doña Emilia de Lastur bezala ezaguna zen, Garibairen arabera.
Testu horiek erakusten dute Erdi Aroan bazela Andramilia edo Andre Emili izena.
Toponimoaren bigarren elementua madura litzateke, padura ezagunaren Arabako aldaera.
Beraz, Andramilia antroponimoaren lekuko gutxiei Andramiliamadura toponimoaren lekukotasuna gehitu behar zaio.
No hay comentarios:
Publicar un comentario