Toponimo hau hiru lekukoren bitartez ezaguna da. Lekuko horiek bi liburutan agertzen dira, Erdi Aroko agiriak biltzen dituztenak. Lehenengoa Colección Diplomática del Concejo de Segura (Guipúzcoa) (1290-1500). Tomo II (1401-1450) liburua da eta han dagoen lekukoa Juan Sanches de Andranafarrasagasti, 94. agiria, 1402. urtekoa da. Beste liburua da Documentación Municipal de la Cuadrilla de Salvatierra: municipios de Asparrena y Zalduondo (1332-1520), honetan bi lekuko daude: Miguell de Andranafarrasagasti eta Pedro de Andranafarrasagasti, 43. agirian, 1516. urtean.
Andranafarrasagasti toponimoa Idiazabalgoa izango zen, hangoak direlako aipatzen diren hiru gizonak. Dirudienez ez dago lekuko gehiagorik eta, beraz, ez da gure egunetara heldu.
Analisia egiteko ohiko banaketa egin eta andra-nafarra-sagasti eskuratuko genuke, ziurrenik *Andranafarra antroponimoa eta sagasti izena. Azken hau ezaguna da euskal toponimia eta baita egungo hizkeran ere, baina antroponimoa, antza, ez da bildu orain arte. Nafarra gentilizioa izan daiteke, Nafarroakoa, baina antroponimoa ere izan zen, beste etnonimo asko bezala. Horrela, Libro Padrón de la Hacendera Raíz de la villa de Lequeitio (1510-1556), 1510-1566. urteen arteko Lekeitioko testu luze bat biltzen duen horretan, Nafarra de Amezketa izeneko emakumea agertzen da hiru aldiz: Nafarra de Amezqueta; Nafarra de Amezquetta, biuda eta Nafarra de Amezqueta, hija de Martin de Amezqueta. Eta beste batean Nafarra izeneko beste emakume bat ere aipaturik dago: "Yten, la meytad de las casas de Çareca que obo por la legitima de Nafarra, su muger". Beraz, argi geratzen da Erdi Aroaren bukaeran bazela Nafarra emakume izena.
Blog honetako beste antroponimo batzuk bezala, Andramilia, Andralopa, edo Andra(g)ota, izen elkartua zen, lehenengo elementua Andre litzateke (edo Andra, sartaldeko euskaraz) eta bigarrena antroponimo bat. Kasu honetan nafar etnonimoan oinarritutakoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario