martes, 2 de julio de 2019

Munikola toponimoa

Bizkaiko Zaldu herriko toponimoa. Alberto Erraztiren Onomasticon 24: Zaldutik Zaldibarrera : toponimian barrena liburuko informazioa erabili dugu. Liburuan azaltzen du lehenago bazen Munikola izeneko baserria, baina egun desagertu zenez, bere ingurua izendatzeko erabiltzen da. Toponimo honek hainbat izen eratorri sortu zituen: Munikolaburu, Munikolaldea, Munikolaurrea eta Munikolazpia.
Interesgarriena aipatutako liburuan 743. orrialdean dago, han lekuko zaharrenak agertzen direlako, baita ere aipu etimologiko bat.
Lekuko zaharrenak:
"1441 Municolas, montte de (BFA.: ZUA, Dok. His., 3/8)
1462 Municola, dho ffuiz consu casa y caseria del dho logar de (BFA.: ZUA, Dok. His., 2/10)
1563 Munycola, desde Egoarbiça hasta (BFA.: ZUA, Dok. His., 1/3)
1605 Municola, dha casa y caseria de (BFA.: ZUA, Men. Kon., 6/4)
1618 Municola, en el termino de (BFA.: ZUA, Dok. His., 3/97)
1620 Municola, por unas pieças que labraron en (BFA.: ZUA, Kon. Lib., urt. 1, 38/2)
1628 Municola, estando en la cassa y caseria de (BFA.: ZUA, Dok. His., 3/95)
1658 Municola, joan de achotegui inqno de la cassa de (BPAH.: NOT, PRG, 139. p. s., eka.30)
1662 Municola, montes y zerros de... e yduyzarraga (BFA.: ZUA, Men. Kon., 6/5)"
Orrialde berean toponimoaren zatiketa egiten du:
"Osagaiak: Muniko + ola"
Baina Muniko horrek badu oin-ohar bat:
"Mitxelena, K.: “456.- muni (vizc.) «ribazo», var. de muna. Poco seguro” (AV, 130. or.). Adibide honetarako, nik neuk, baliagarri izan litekeela uste dut, askoz gaitzago litzateke Munio antroponimotik eratorria izatea, batez ere, lekuzko morfema genitiboa daramalako."
A. Erraztik eginiko zatiketa ontzat har badaiteke ere, Muniko horretaz eginiko analisia ezin onartzekoa da, jakinik Muniko antroponimoa badela, blog honetan erakutsi bezala. Beraz, toponimo honetan Muniko antroponimoa eta ola izena lotuz sortu zen, ziurrenik Erdi Aroan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario