viernes, 10 de enero de 2020

Ezterenzubi toponimoa

Ezterenzubi Nafarroa Behereko herrietako bat da. Ezterenzubi toponimoaren lekuko zaharrenek ez dute antzinatasun handirik, XIX. mendearen erdialdekoak direlako: esteren-çouby (1842), estérençuby (1863), estérençuby (1863)... Lekukoen artean ez dago ezberdintasunik, baina euskal testuetako txistukaria <z> da: ezterenzubian (1877-1935), ezterenzubikoari (1924), ezterenzubikoa (1928-1936)...
Etimologia emateko, P. Salaberriren Nafarroa Behereko herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia liburuan, aurreko ikertzaileek emandakoak aipatuak dira, 51-53. or.:
Ezterenzubi / Estérençuby
Etimologia azalpenak:
Hatanek (1895: 15) ‘baserrekaren (edo baserrekako) zubia’ adiera duela uste du; dioenez ubide azkar eta sakon batek bitan zatitzen du Ezterenzubiko «burgua» eta erreka zeharkatzeko herriari izena ematen dion zubia dago. Corominesek (1972: 304) tarteko -en- osagai hori (Ester-en-zubi) lokarritzat hartzen du, izan dadin genitiboaren marka, izan dadin beste zernahi (Leku-n-berri ere aipatzen du).
Lemoinek (1977: 200) istil, ixtil dakusa lehen osagaian; bigarrena zubi da honen iritzian. Orpustanen irudiko (1990: 126), berriz, lehen osagaitzat eztari (sic) ‘eztarria, zintzurra’ izena eztera ‘geztera’ eta ‘itsaso ondoko kanala’ baino egokiagoa da. Bigarren osagaia zubia da ortzaiztar irakaslearen arabera, eta erdiko -en hori genitibo plurala. Toponimoak, beraz, ‘zintzurren zubia’ adiera du.
Aintziburu & Etxarrenek (2002: 74) beste azalpen hau ematen dute: «Zer erran beste izen batez, Ezterenzubi? Iduri luke, lehen begi kolpean, erran nahi duela herri bat zubirik gabekoa... Egia besterik da: gisa hala, bazen artzain bat, Estebe izenekoa. Zubi bat egin omen zuen, zeina izendatu baitzuten: Esteren zubi; euskarak laket baitu hitzen laburtzea, hizkiak janez, horrek eman zuen Ezterenzubi, herri guziari ezarri zitzaiona».
Gure irudiko Orpustanen etimologian bi ahulgune daude: lehenik euskaraz eztarri da hitza, ez eztari; bigarrenik, izenaren etimologia ‘pont de gorges’ balitz euskaraz ‘Eztarrietako zubia’-edo izanen genuke segur aski, ez ‘Eztarrien zubia’.
Argi dago toponimo horrek bi elementu dituela, ezteren- ezezaguna eta zubi izen arrunta. Eta ezezaguna den elementu hori Nafarroa Garaiko herri izen batekin alderatu daiteke, Astrain herriarekin. Ez da ahaztu behar lekuko zaharrenetako izena Azterain zela, gerora aldatua. Horrek hurbiltzen ditu, batetik Azterain, bestetik Ezteren-. Ezberdintasunak erraz azaltzen dira, alde batetik ai > e, eta ondoren asimilazio bokalikoa gertatutako zen: Azteren- > Ezteren-, aldaketak bukatuz.
Litekeena da egungo herrian bertan edo hurbil *Azterain toponimoa izatea. Ez da ahaztu behar, Wikipediako orrian azaltzen den bezala, herri honetako auzo batek Ezterengibel izena zuela, eta horrek indartzen du aspaldian bazela *Azterain toponimoan, gerora aldatua eta Ezterenzubi eta Ezterengibel toponimoen bitartez ezaguna. Gero, toponimo zaharra galdu eta berria hasi zen bere ibilbidea, Ezterenzubi herri izena bezala geratu zen, eta Ezterengibel auzo bat izendatzeko erabilia.

1 comentario: