martes, 25 de febrero de 2020

Mikindain toponimoa

Uribarri Arratzuko leku izen honek lekuko zaharrik ez du, baina aurkitutako biek forma bera erakusten dute, biak XX. mendekoak izanik. Gerardo Lopez de Gereñuren Onomasticon 5: Toponimia alavesa : seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburukoa lehenengo lekukoa litzateke:
MIQUINDAIN, pozo y término de Ullíbarri Arrazua
Gonzalez Salazar Cuadernos de toponimia 5. Vitoria-Gasteiz liburuko lekukoa gerokoa da, baita XX. mendekoa ere, 73. or.:
36.— Miquindain.
Toponimoaren egituraz, oinarrian antroponimo bat izan liteke, baina bigarren zatia ilunagoa da. Gerta liteke Pikandiain toponimoarekin bezala, azken zatia gain izena, 'tontor', edo -ain atzizkia izatea, baina badirudi Uribarri Arratzuko eskualdean gan erabiltzen zela, ez gain. Beraz, antroponimorako bi aukera daude, Vincentius latina edo Bikendi, bere euskal ondorengoa. Azken zatia -ain atzizkia izan liteke. Toponimoa bi garai ezberdinetan sortu zitekeen, erromatar aroan izan bazen, Vincentius antroponimotik izango zen, baina ezaguna da batzuetan -ain bukaera duten toponimo batzuk Erdi Aroan sortu zirela, eta hori ere izan liteke Mikindain toponimoaren sorrera-data.
Gerora, aldaketa batzuk gertatu ziren mendeen joanean, nabarmenena, b-n > m-n, Mikendi toponimoan bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario