miércoles, 1 de junio de 2022

Zumaduia toponimoa

 Zumaduia izena behin baino gehiagotan agertzen da Arabako toponimian. Gasteizen bi aurkintzaren izena da, Barrundian aurkintza eta iturburua da eta Haranan soro bat.
Gasteizko toponimoen lekuko zahar bat dago Documentación Medieval de la Cuadrilla de Salvatierra: Municipios de Alegría-Dulantzi, Barrundia, Elburgo-Burgelu e Iruraiz-Gauna liburuko E27 izeneko agirian, 1518-1519. urteetan:

... em presencia del alcalde e vezinos del Burgo e Arbulu e Argomaniz en los terminos de Çumaduya e Saymendi e Eguira Sarria lo contradixessen.
Toponimoa, behin baino ez bada agertzen, ziurra da kontuan izanik egungo lekukoak eta baita etimologia ere. Euskal hitz batez osaturik dago, zumadi hitza eta ondoren artikulua. Zehatzago izanez, zumadui aldaera izan zen oinarria, -di atzizkia izan beharrean -dui aldaera erabilia izan zen. Hitzaren oinarria zume izena da, zuma- aldaeraren bitartez eratorria. Orotariko Euskal Hiztegian zumadui aldaerarik ez badago ere, Arabako toponimoek erakusten dute hitza bazela eta erabilia izan zela.
Bukatzeko bitxikeria bat, aipatutako liburuaren aurkibidean okerra egin zuten eta izena aldaturik jarri zuten:
Zumarduya, término entre Elburgo y Vitoria, 476
Jatorrizko toponimoari dardarkari bat tartekatu zioten Zumarduia bihurtuz. Dena den, hitz hori ere izango zen ziurrenik, Zumardi toponimoa bada Ataunen, baserri baten izena delako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario