Akutiogana da Galdakaoko tontor bat. Izendegi ofizialeko lekukotza mende honetakoa da, eta ez du aldaerarik. Toponimoan hiru elementu genituzke, bukaeran artikulua, gan, gain hitzaren aldaera, eta Akutio. Izan ere, izen hori agertzen da Relación toponímica general de Galdácano lanekoa:
Acutio: Jaro, zona de Lecue; monte y heredad de Ordañe.Lekuko hori XX. mendearen bukaera aldekoa da eta, beraz, antzinatasun gabekoa. Hala ere, antzeko toponimoa Akotain da, Nafarroakoa. Honetan Acutus antroponimo latina proposatu da, bigarren elementua -ain atzizkia litzateke. Bizkaiko toponimoan -ano izango zen eta bilakaera: Acut(i)us + -ano > *Acutiano > Akutio. Bi aldaketa gertatu ziren, lehenik bokalarteko sudurkaria galdu zen eta gero ao > o laburketa. Bi aldaketak oso ohikoak dira eta horrela bikoteak sortu dira, erromantzean izen zaharra gorde izan da eta euskarazkoan laburketak gertatu, Ochandiano/Otxandio bezala. Galdakaoko toponimoan ez da izen zaharraren lekukorik geratu, antza, baina Akutioren lekukotza nahikoa da aurreko *Akutiano inoiz izan zela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario