martes, 15 de junio de 2021

Antxoeta toponimoa

 Antxoeta Lasarte-Oriako leku izena da, toponimo eratorrien bitartez ezaguna: Antxoetako erreka, Antxoetako iturria eta Antxoetaluze.
Lekuko zaharrik ez dago baina aldaketa larririk gertatu ez bada, toponimoa, dagoen bezala, analiza daiteke. Oinarrian Antxo antroponimoa genuke, gaztelaniazko Sanchoren euskal egokitzapena jasoa duena. Bukaeran, -eta atzizkia izango zen. Azken hau ez da oso ohikoa, baina adibideak badira, blog honetan aztertutako Domikueta toponimoa bezala. Sarrera horretan 1025. urteko Sansoheta aipatua zen, eta hori litzateke Antxoetaren berdina, elementu berdinez osatua, baina azken honetan antroponimoak ez zuen hasierako txistukaria galduko.
Azken ohar bat oinarriko antxoponimoaz, izan liteke Antso edo, agian *Antxo hipokoristikoa. Beharbada horrela hobeto azalduko zen toponimoaren grafia, tx duena. Antso oinarrian izango bazen, beharbada *Ansoeta bezala agertuko zen testuetan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario