viernes, 11 de marzo de 2022

Zarrola eta Zarroltxiki toponimoak

 Lesakako toponimo hauen informazio guztia Euskaltzaindiaren EODA datu basetegitik eskuratu da eta Zarrola toponimoak bizitza luzea izan du, lehenengo lekukoa XV. mendekoa delako:

çarrola (1499)
zarrola (1842)
zarrola (1894)...
Zarroltxiki, aldiz, geroagokoa da:
zarrolchipi (1795)
zarrolachiqui (1795)
zarrolchipi, caseria
(1840)
[...]
zarrolchipi (1894)
zarroltxiki
(1997)
Zarroltxiki
(2019)
Zarrola ez bezala, Zarroltxiki izenean aldaerak badira, oso gutxitan toponimo nagusiaren azkeneko /a/ agertzen delako; beste aldetik, lekuko zaharrenetan txipi dago behin eta berriz, baina txki ere ezaguna da: zarrolachiqui (1795). Azken mendean txiki besterik ez da agertzen. Bilakaera hori oso nabarmena da Larretxipitxiki toponimoan, zaharra txipi zen eta berria, txiki.
Zarrola izenak bi elementu lituzke, zahar eta ola. Zarroltxiki, aldiz, Zarrola eta txipi-txiki litzateke. Zahar izengoitia izango zen, pertsona batena, Zaarberro eta Zarmendi toponimoetan bezala.
Bi toponimoetan interesgarriena da bigarrena, Zarroltxiki. Azaldu den bezala, Zarrolaren bigarren elementua ola da eta hitz honen azken bokala berezkoa da, ez da artikulua. Beraz, Zarrola + txiki > Zarrolatxiki. Hori azaltzeko bi azalbide daude, batean Zarrolatxiki izan eta gero /a/ bokala galdu zen, azentuaren eraginez. Aurreko silaban egonik, hurrengo silabako bokala irentsirik gertatu zen. Beste azalbidean, Zarrola hitz bakartzat hartu eta hurrengo elementua eranstean hiru silabatako hitzetan gertatzen den fenomenoa ere gertatu zen. Horrela, itsasoren eratorpen aldaera itsas- da, azken bokala galduta: itsaso + gizon > itsasgizon.

No hay comentarios:

Publicar un comentario