lunes, 4 de septiembre de 2023

Bentzunzibar toponimoa

 Bentzunzibar da Ikaztegietako toponimo bat, industrialde bat eta hiru etxe izendatzen ditu.
XX. mendeko toponimo honen lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

BENZUNZIBAR (prop.)

Lekuko zaharrago bat dago eta XIX. mendearen erdialdeko Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa liburuaren 711. or.: Benzuncíbar.
Baina lekuko zaharrena mende batzuk lehenagokoa da, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan dagoena, 1625. urte ingurukoa, izena apur bat aldaturik duena, Belzuncibar.
Toponimoak elementu bat baino gehiago ditu, azkena ibar izena da. Aurrekoa izen elkartu bat izan daiteke, beltz + une + -tza bezala analiza daitekeena. Toponimian badira bi izen, Nafarroakoak, egitura hori dutenak, Beltzuntza mendia, eta Beltzuntze kontzejua, hau -tze atzizkiarekin.
Euskaraz badira beltz eta une hitzak batuz sortutako hitzak, beltzune bezala. Gainera, badira beltzuntza:

1 beltzuntza.
(H; belzuntza Lar, belzunza Lar, belzuntz Hb), beltzuntze (L-ain ap. A ; Lh (belzuntze)).
Tábano. "Tábano, belzuntza, habea, eultzarra" Lar. "Moscardon, molesto, belzunza" Ib. "(G, L), grosse mouche qui attaque les bestiaux dans les bois. v. lespada" H.
Batzuek Mezatan edo Jaunaren itza adirazten danean egongo dira lo edo erausian: oek dira Satanasen euli andiak edo belzunzak. AA I 531. Artxipotea mamu eta mamutxa jale handia da: deusik ez du lakasta eta lespada (edo beltzuntza) baino maiteago. Dass-Eliss GH 1923, 597.

Eta beste hitz bat bada, beltzuntza:

beltzuntza.
1. "Beltzuntza (AN-gip), moreno" Garbiz Lezo 200.

2. beltzuntze (Sal, R ap. A), beltxuntxe (R ap. A). "Serio, grave" A. "Beltxuntxe, seriecito" Ib.
Litekeena da bietan oinarria beltz izatea. Zailagoa da zomorro bat izatea aztergaia den toponimoaren oinarria baina Listorreta toponimoa bada, liztor + -eta omen dena.
Elementuak batzerakoan aldaketa batzuk gertatu dira, gehienak oso ohikoak, horrela, atzizkiaren azken bokala galdu da ibar izena eransterakoan. Beharbada gertatu zitzaion une hitzari. Aldaketa aipagarriena da lehenengo albokoari gertatua, disimilazioak eraginda, sudurkari bihurtu da: l-l > n-l. Blog honetan antzeko bilakaera ikusia da Amulategi toponimoan, baina honetan disimilazioa sudurkariena izango zen: m-n > m-l.

No hay comentarios:

Publicar un comentario