viernes, 8 de septiembre de 2023

Gomizau toponimoa

 Gomizau da aurkintza bat, San Martinen, Ameskoabarrenan, Nafarroan. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian lekuko zaharrak bildurik daude, zaharrena XVII. mendekoa dela:

gomiçau (1634)
gomizgaña (1701)
gomizaua (1705)
gomizaua (1719)
gomizau (1719)
gomizaba (1883)
gomizabe (1895)
gomizau (1994)

gomizába (1992-1999)
gomizáu (1992-1999)
Toponimoaren aztertzeko izena Gomizau da, besteak azal daitezke artikuluaren eransketagatik, Gomizaua eta Gomizaba, azken urrats hau normala litzateke. Bi azalpen izan ditu toponimo honek, bigarren elementua aho dela edo -ano atzizkiaren ondorengoa dela.
Patxi Salaberri Zaratiegiren Toponimia eta dialektologiaren arteko harremanen inguruan: Artaxonako jabego genitiboaz eta bestez lanean, FLV 72, 224 or., 3. oharra:
[...] Nolanahi ere, ez dugu uste, Iñaki Segurolak dioenaren kontra (ikus “Notas de toponimia amescoana”, ASJU, XX-1, 1987, 265-275), Gomizaogaina-n eta Gomizaba-n aho dugunik, -ano-rekin akitutako antroponimo batean oinarritu toki-izen baten euskarazko aldaera baizik. Bukaera hau dela eta, ez gaude Zuazorekin ados Arabako ekialdean, Nafarroako mugatik gertu, -ain atzizkia ugarituz doala dioenean, mendebalderagoko -ano-ren kaltetan, Nafarroan -ain nagusia edo dela iradokitzen duelarik (ikus AE [“Arabako euskara”, ASJU, XXIII-1, 1989, 3-48], 39-40).
Arabari dagokionez egia den ez dakigu, ez baitugu aztertu, baina Nafarroako Ameskoa, Allin eta inguruko ibarretan ugariak dira -ano / -ao (> -au), -o (aurrean i duenean) bukaera duten herri, despoblatu, eta dermio-izenak, nahiz Lanan Gastiain dugun eta Burundan Urdiain (baina Torrano / Dorrao, Mundiñano / Mundañu, Nenau Ergoienean, azkeneko biak despoblatuak). Hona hemen horietako batzuk: Baquedano / Bakedao, Gollano / Gollao, Barindano, Galdeano / Galdio, Amillano / Amillao, Arbinaucozocoa (Ekala, 1686), Dindaubarrena (Gollao, 1727, 1728), Erenzauco eguia (Aranaratxe-Eulate, 1686, 1711), Erenzauco lezea (Aranaratxe-Eulate, 1686), Gomizau, Gomizaua, Gomizaubidea, Gomizausacana (San Martin, 1668tik aurrera), Malquizaua (Bakedao / Gollao, 1725), Zernau(a), Zernaubarrena, Zernaugaina, Zernauguibela (Artatza, 1699tik aitzina), Ziricau (Barindano, 1719), Çimillano (Arbeitza, 1576), Guerano (Deierriko despoblatua, 1554), Catinau, Çatinau (Errezu, 1550, 1567), Çurbao ondoa (Errezu, 1550)...
Azkena egokiagoa da, jakinik hasierakoa antroponimo bat dela, Gomitz, blog honetan aztertu dira hainbat toponimo izen hori dutenak. Komistain toponimoaren sarreran informazio gehiago dago antroponimo honetaz. Izango genukeen egitura, PI + -ano, oso ohikoa da euskal lurretan zein kanpokoetan eta lekukoak barra-barra aurkitzen dira. Aipatutako atzizkiarekin sortutako toponimoak oso zaharrak izan ohi dira, baina oinarrian Gomitz balitz, sorrera data berankorra izan liteke, jatorri germanikoa izan daitekeelako. Hala ere, bokal arteko sudurkariaren galera gertatu zen eta hori oso fenomeno aspaldikoa omen da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario