miércoles, 26 de junio de 2024

Semerola toponimoa

 Semerola da Aiako baserri baten izena. Toponimoaren lekuko zaharrena XIX. mendearen erdialdekoa da, Semerola (1857). Azken hamarkadetako ahozko aldaera Semeola da, bokalarteko /r/ galdu dela. Hau fenomeno arrunta da, batez ere ahozko hizketan, beharbada aldaketa hau erraztu da herri etimologiagatik, horrela, dauden bi elementuak oso argiak dira, seme eta ola 'etxola; burdinola', oso arrunta toponimian.
Lekuko zaharrenetan Semerola denez, hau da hobesteko aldaera eta hortik abiatu behar da analisi etimologikoa. Toponimoak bi elementu izan ditzake, azkena ola, baina oinarrikoa ez litzateke seme izen arrunta izango, nahiz eta lotura izan. Erdi Aroan izan zen antroponimo bat, Semero, lekukotza zaharra duena:

semero berascoiz (1000-1100 [1881])
jaun semero de gorriz (1109 [1881])
azari et sanso semeroiz (1111 kop. [1968, 1990])
Antroponimo honen jatorriari dagokionez, bi dira proposatutako jatorriak, Mitxelenaren arabera, Semeno antroponimotik sortua izango zen, bere Fonética histórica vasca tesian azaldu zuen bezala:
[...]
En arima 'alma', de anima, acaso por intermedio de *alima, hay disimilación de nasalidad, como en med. Semero, patr. S[e]meroyz, frecuente en Navarra, de Semeno, Semeno(n)is
[...]
Irigoenen arabera, -ro atzizkia erabiliz sortua izango zen, De re philologica linguae vasconicae IV, 228. or. (5. oin oharra):
[...]
Aioro formak Aio pertsona-izena duke oinarrian, geroago -ro berrekailua itsatsi zaiola, Seme / Xeme euskal jatorrikoak -no eta bere aldagarriak dituen bezala, eta femeninorako -na, eta inoiz -ro ere bai, Semero eginik, eta femeninorako Semera
[...]

No hay comentarios:

Publicar un comentario