viernes, 31 de octubre de 2025

Padarrola toponimoa

 Padarrola da Galdakaoko bi toponimoren oinarria, Padarrolabekoa baserria eta Padarrolako trokea erreka-zuloa, sakana. Izendegi ofizialeko lekukoak nahiko berriak dira, XX. mende bukaerakoak, padrola beko (1986), padróla bekoa (2002). Padrola aldaeraz gain, Padraola ere jasoa da, behin baino gehiagotan.
Lekuko zaharrenak Relación toponímica general de Galdácano lanean daude, biak dira XVII. mende hasierakoak:

Padarrola-Celay 1601
Padrola 1638
Azken lekuko hori zuzena bada, sinkopa nahiko zaharra da. Hala ere, jatorrizkotik hurbilena edo, kasu honetan, berdina, lekuko zaharrena da, Padarrola. Toponimo honek bi elementu ditu, bukaeran ola hitz ezaguna toponimian eta oinarrian ia ezezaguna den hitza, padar:
padar.
Etim. De a. cast. frad(r)e (SHLV 476).
1. (V-arr-oroz-m-gip; Mg PAbVoc, Añ (V), Izt 59r), pader (G; Aq 589 (G)), pater ( msOch 319), fadar (V-gip), fader (Lcc, Lar Sup, Hb, H), faer (V-gip). Ref.: A (padar, pader); Garate 2.ª Cont RIEV 1933, 100; Iz ArOñ (faer, fadar).
Ermitaño. "Monje" Lcc, Lar Sup. "Ermitaño" Lcc, Añ. "Anacoreta" Añ. "Moine, religieux" H.
Nire oe, antxinako eremutar ta padarrak gogor ta iguingarrijagorik euki ez ebeena. Mg PAb 74. Katu padarra ta eiztariak. Zav Fab RIEV 1907, 536. Non da Peru padar (padarra, el solitario) koblakaria? Ag AL 30. Bauset-ko padarra. Or Mi 102. Ez dabe padarrak ur otza baño artzen. Ibarg Geroko 57. Gudari, ikasle ta padarrek berebiziko iazkera oi darabilte. Zait Plat 61. Padarra. Onaind MEOE 723 (tít.).

2. "En lides peligrosas, el lugar seguro. En los toros, el burladero. Padarretik zezenak ikusi" Etxba Eib.
Hitza euskararen sartaldean erabili zen eta Galdakaoko lekuko honek hitzaren lekuko zaharrenen artekoa da eta agian padar aldaeraren lekuko zaharrena izan daiteke. Aldaera honetan, gainera, eR > aR bilakaera gertatu zen, sartaldeko euskaran batzuetan gertatzen den bezala.
Hitza ondoko erromantzetik jaso zen eta han antroponimoa ere izan zen, Villafrade toponimoak erakusten duen bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario