Untzalea da Irungo aurkintza bat, toponimo eratorri bat, Untzaleko erreka. Irungo toponimia web gunean informazio osagarria dago, lekuko zaharrenak XIX. mende hasierakoak dira: Unzalea (1820, 1850), Unsalia (1822, 1844), Untzalia (1843, 1988). Aldaera gehiago daude, baina beranduagokoak dira eta, analisirako ez dira erabiltzekoak.
Izen zaharrena Unzalea da, Unsalia aldaeran txistukaria aldatzeaz gain ea > ia bokal disimilazioa gauzatu da. Untzalia izenean afrikatua islatu da eta lehenago aipatutako disimilazioa bada.
Untzalea toponimoaren bukaeran artikulua dago eta aurreragoko -e- hori bokal paragogikoa litzateke, leku deklinazioan sortutakoa, joera hau ezaguna da, Nabaskoze toponimoaren azken bokala bezala, beste toponimo asko bezala. Hala bada, Untzal- geratzen da analizatzeko eta hori Untzalu antroponimoaren aldaera bat izan daiteke. Gaztelaniaz Gonzalo da eta gutxi batzuetan Gonzal aldaera ere bada Alfonso Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan aipatzen duenez:
3.184. GONÇALUO, GONÇALO, eta baita-ere GONÇALUET: Gonçaluo d’Arasçiel, (1366, PN-XIV, F.Tud., 440 orr.), Tudela-n; Gonçalo pastor, (1366, PN-XIV, F.Tud., 430 orr.), Cascant-en; Pero Garcia con Gonçaluet su fillo, (1330, PN-XIV, F.Est., 236 orr.), Larraga-n.Euskaraz Untzalu erabilia izan da, baina erdararen antroponimiaren mailegaketa oso arrunta izan da eta Gonzalo hartu izan den bezala, Gonzal ere jaso zen. Aldaketa bat gehiago gertatu zen, hasierako herskaria galdu zen, agian lagungarria izan zen euskarazko kidea Untzalu izatea. Bestea, on > un bilakaera ezaguna da, eremu ugaritan gertatzen delako eta geratzen diren beste bi aldaketa, bokal eransketak, izenaren bukaeran gertatuko ziren, aurrerago azaldu den bezala.
XIII menderako GONZALVO, GONÇAL: domno Gonzalvo capellano de Baigner, (1213, El gran Pr. Nav., dok. 151); don Gonçal Yuaines de Mendoça, (1289, El gran Pr. Nav., dok. 509).
Beraz, Gonzal antroponimotik abiatuz erraz azaltzen da Untzalea toponimoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario