martes, 24 de septiembre de 2019

Lasiar toponimoa

Bizkaiko toponimoa. Durangaldean badira toponimo honen lekuko batzuk, Durango, Garai eta Iurretan pinudia da; eta iturria Durango eta Iurretan. Azkenik, bada toponimo eratorri bat, Lasiarzulo, Berriz eta Garaiko erreka-zuloa.
Lekuko zahar guztiak iturri batetik hartuak dira, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburukoak, hain zuzen. Toponimo honen lekuko zaharrenak XVII. mende erdikoak lirateke:
Lasiar [N, TO]
Laxear+ (la casa de) [Puebla de Aulestia (calle de la)], Murelaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Laxiar+ (la cassa de) [Aulestia (puebla de)], Murelaga, a.1704, FogVizcayaMs.
Laxiar_Andicoa+ (la cassa de), Guizaburuaga, a.1704, FogVizcayaMs.
Laxear_de_Abajo+ (la casa de), Guizaburuaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Laxear_de_Arriva+ (la casa de), Guizaburuaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Laxiar_Emeticoa+ (la cassa de), Guizaburuaga, a.1704, FogVizcayaMs.

Lasiar [N, NO]
Lassiar (Maria de), Aulestia, a.1641, FogVizcayaMs.
Laxiar (Domingo de Cortauitarte), Guizaburuaga, a.1704, FogVizcayaMs.
Laxiar (Santiago de), Guizaburuaga, a.1704, FogVizcayaMs.
Laxiar uiuda ynquilina (Dominga de) [Cuarta Barriada], Lequeytio, a.1704, FogVizcayaMs.
Laziar (Juan de), Lequeitio, a.1796, FogVizcayaMs.
Lekuko zaharrenetan Lasiar nagusi bada ere, Lasear ere jasoa da behin baino gehiagotan eta goiko lekukoez gain, badira gehiago, ondoko guztiak 1745. urtekoak:
Lasear [N, TO]
Lasear_Vecoa+ (la caseria de), Guizaburuaga, a.1745, FogVizcayaMs.
Lasear_Goicoa+ (la caseria de), Guizaburuaga, a.1745, FogVizcayaMs.

Lasear [N, NO]
Lasear (Andres de) [Hea (casas de la puebla de)], Nachitua, a.1745, FogVizcayaMs.
Lasear (ynquilino) (Domingo de), Amoroto, a.1745, FogVizcayaMs.
Beraz, Lasiar aldaera nagusi da XVII. mende osoan (lekuko bakarra bada) eta XVIII. mende hasieran, gero, 1745. eta 1796. urteko lekukoetan Lasear baino ez da aurkitzen. Orduan, bilakaera gertatu zen, baina dirudienez ez zen nagusitu, egun Lasiar da erabiltzen dena. Aldaketaren arrazoia ez da ziurra, baina hiperzuzenketa izan liteke, hainbat hizkeratan ea > ia bilakaera gertatzen da: etxea > etxia, e. a. Eta hainbat hiztun saiatzen ziren zuzenketak egiten, baina Lasiar hitzean ez zen aurretik aipatutako fenomenoa gertatu eta zuzenketa okerra gertatu zen, Lasear, leheneago ez zena, sortuz. Hala antzematen da jasotako lekukoak kontuan hartuz.
Analisi etimologikoa egiteko, Auñamendi entziklopediakoen arabera:
Etimología
Problemática. Ver LATS, ARRI (3).

Hemen aurkeztuko den azalpenean ez litzateke inolako aldaketarik beharko, elementuak lats eta ihar izango zirelako. Afrikatua nahiko ziurra da, jakinik lekuko zaharretan agertzen diren <ss> eta <x>, nahiz eta egun frikaria izan. Bigarren elementua interesgarria da, ihar izenlaguna, Hegoaldeko euskal testuetan igar aldaera ohikoa delako. Beraz, aldaketa gertatuko zen eta i(h)ar > igar bilakaera gertatuko zen, beharbada hasperenaren hondarra.

 Eguneraketa (2022-01-29):
Sarreran zeuden lekukoek 300 urte baino gehiago ez zituzten, baina bada bat, askoz zaharragoa dena, La Colegiata de Santa María de Cenarruza 1353-1515 liburuko 15. agirian, 1400-1411. urte artean:

Juan Ruiz Sancho Saez e Juan Perez e Juan Martines canonigos dieron el sel de (en blanco) que es suso de Aguirre Guicaburuaga ateniendose a las heredades de Lasiar por tres anegas de trigo. En la hera dicenuebe otubre anno I.CCCC XX annos.
Horrek oso aurreratzen du toponimoaren lekukotza, orain 600 urtekoa delako. Lasiar aldaeraren zahartasuna agerian geratzen da eta horrek erakutsiko luke egindako analisia ziurragoa dela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario