martes, 24 de septiembre de 2019

Mitxeltenea toponimoa

Mitxeltenea izeneko baserria bada Gipuzkoako Irun hirian.
Lekuko zaharrenak XVIII. mende bukaerakoak dira eta hainbat aldaera jasoak dira, bai ahoz eta idatziz ere bai: Michelot (1782, 1784), Michelotenea (1790-1812), Micheltenea (1837, 1858, 1883), Michelterena (1843) eta Micheletenea (1845-50, 1793, 1823, 1842, 1855). Toponimo honetan, beste hainbestetan bezala, aldaera zaharrenak argigarriak dira, egungo Mitxeltenea izenean badago zailtasunen bat, baina hasierako Mitxelot eta Mitxelotenea erabat gardenak dira. Mitxelot antroponimo hipokoristikoa dago, eta gerora etxe izenetan hain ohikoak diren -ren + -a erantsi zioten Mitxelotenea sortuz. Gero, aldaketak gertatu ziren baina nagusituko zen aldaeran /o/ bokala galdurik dago, beharbada azentuaren eraginez. Mitxeletenea aldaeran ez zen galerarik izan, asimilazio bokalikoa bai, o > e, inguruko bokalekin berdinduz.
Mitxelot hipokoristikoa ezaguna da euskal lurraldeetan Erdi Arotik, eta P. Salaberrik bere Izen ttipiak euskaraz liburuan adierazten duen bezala, 178. orrialdean, oinarria Mitxel litzateke eta atzizkia -ot, aipagarria da Mi(t)xelot izena Frantzian ere ezaguna dela, beraz, ez da nahitaezkoa hemen sortua izatea, izen hipokoristiko osoa mailegatua izan zitekeelako.

2 comentarios:

  1. Mitxeltenea baserria aspaldi desagerrarazi zuten, Irungo beste hainbat baserrirekin egin zuten bezala. Trenbidea eraiki zutenean, XIX. mendearen bigarren zatian, hainbat lur sail kendu zizkiotela azaltzen zuen ikerketa lan batek (orain ez dut izenburua eskura, ezta gogoan ere). Katea auzotik Anakarako bidean zegoen, 1896-1901eko planoak erakusten duen bezala, Bentako Herreria (edo Ferratzailenea) eta Gurutzeberri baserrien artean, gerora Porcelanas Bidasoa lantokia egongo zen lekuaren ondo-ondoan.

    ResponderEliminar
  2. Eskerrik asko zure informazioagatik. Zoritxarrez, baserri askoren patua izan da hori.

    ResponderEliminar