lunes, 21 de septiembre de 2026

Apatamonasterio toponimoa

 Apatamonasterio da Bizkaiko elizate bat Atxondoko udalerrian. Toponimoaren etimologiaz aipu bat dago V. Yarzaren Notas sobre toponimia de origen romano en Bizkaia, Fontes Linguae Vasconum 120, 379. or.:

Dirudienez, egilearen arabera, bi elementu daude, bata da latin kristaukoa eta bestea gaztelaniazkoa.
Toponimoan bi elementu daude, apate izena, apata- eratorpen aldaera erabiliz eta monasterio, beste euskal hitz bat, erromantzetik mailegatua. Toponimoaren elementuen ordena eta apata- eratorpen aldaera argiak dira jakiteko euskaraz sortutako toponimoa dela eta Yarzak adierazitako hizkuntza nahastea zuzena ez dela.

Txantxola toponimoa

 Txantxola da Bedaroako mendi bat, Bizkaian. Lekukoak XX. mende bukaerakoak dira:

Txantxola Tontorra (1997)
Txantxola (1999)
Txantxola tontorra (2002)
Toponimoan, tontor izenaz gain, bi elementu daude, bukaeran ola izen arrunta eta oinarrian Txantxo, ziurrenik hipokoristikoa. P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan agertzen da,60. or.:
Joan(a), Joango, Joaneto, Joana -> Txoan(a) (Choan, NVP, 416), Txango, Txantxo (Santxo-tik ere atera zitekeen. Ikus Del Valle, 1934: 192-193. Irigoienek [1995d: 74] Irungo Txantxotenea oikonimoa aztertzean «Chancho corresponde nítidamente a una forma hipocorística del nombre de persona Sancho» dio), Txoaneto.
Bi aukera daude, baina Santxo > Txantxo bilakaera egiantzekoena iruditzen zaigu. Bide batez, Txantxanea toponimoan *Txantxa izango genuke, hau da, Txantxoren aldaera emakumezkoa, Santxatik sortua.
Azkenik, txantxo izen arrunta ere izana da:
txantxo.
(G-azp-goi-to ap. A).
"Máscara. Txantxoak ikusiezkero negarrez asten zaigu beti mutikoa " A.
Gau-jaietako jolasetan oi diran txantxoak ziruditen. "Las máscaras" . Berron Kijote 210.
Hala ere, Txantxo hipokoristikoaren ezagutza askoz handiagoa zen eta hitz arrunt hori Gipuzkoako eremu batekoa baino ez da. Hori dela eta, hipokoristikoaren aukera lehenesten dugu.

miércoles, 16 de septiembre de 2026

Aunzañarena toponimoa

Aunzañarena izan zen Luzaide aldeko toponimo bat, 1669. urteko agiri batean jasoa, Patxi Ondarraren Funts Onomastikotik. Toponimoa nahiko argia da, hiru elementu ditu, bukaeran genitiboa eta artikulua eta oinarrian, ahuntzain hitz elkartua. Orotariko Euskal Hiztegiko lekukoak kontuan izanik, hauxe litzateke hitz honen hirugarren lekukoa, beharbada lekuko toponimikoetan lehenengoa.

Aretximineta eta Aretximinieta toponimoak

 Aretximineta eta Aretximinieta dira Bizkaiko toponimoak. Lehenengoa Orozkoko basoa da eta bestea Errigoitiko baserri bat. Azken honen lekukotza XVIII. menderaino heltzen da, izendegi ofizialaren arabera: Arechiminieta (1774). Mende horretan lekuko gehiago daude eta denek izen bera dute.
Azkenik, Galdakaoko herrian ere baziren toponimo batzuk, izen bera zutenak, eta Relación toponímica general de Galdácano lanetik hartuak dira:

Arachinieta: (ver Arechinueta, Arechimineta o Archiminieta). Término de Zuazo.
Arechimineta o Archiminieta: (ver Arechinueta). Monte, zona de Bequea.
Arechinueta: (ver Arechimineta o Archiminieta y Arachinieta). Monte, zona de Basozabal.
Dirudienez, Errigoitiko toponimoaren lekuko zaharrek jatorrizko izena gorde dute. Aretximinieta toponimoan hiru elementu ager daitezke, bukaeran -eta atzizkia dago eta lehenago (h)aretx 'haritz' eta imini 'ipini'. Beharbada Bizkaiko bi leku horietan hori gertatu zen, haritzak landatu zituztela. Hala ere, ematen du ipini aditzaren lekua toponimian oso txikia dela, agian leku hauetan nabarmendu nahi zuten ekintza hori. Dena den, toponimoen elementuak oso argiak dira, aldaketa handirik ez dute erakusten, beharbada toponimoak ez dira oso zaharrak, baina etimologiak ez du arazorik batere.

lunes, 14 de septiembre de 2026

Antxotin izengoitia

 Anchotin izan zen izengoitia bat, Elizondoko auzotar batena.     1589. urteko agirian batean dago, Patxi Ondarraren Funts Onomastikotik jasoa, eta bere analisia ez da zaila jakinik Antso antroponimoak hipokoristiko ugari utzi zituela, tartean Antxote, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan lekukotza dago, azken bi lekukoak nafarrak direla, Antxotin bezala, 174. or.:

Antsote, Antxot, Antxote (Antso, Antxo): Anchot de Guessane (Dg., 1364, Goih., 1966: 330), Anchot d’Urdous (Urdoze, 1396, ibid., 194), «L’ostau d’Anchot, lo maestre» (Eiheralarre, 1412-13, CPBN, 107. or.), Anchote de lanz (Eritzegoiti, 1536, At.p., 1, 8.), Ansote (Irurtzun, 1576, HA.p., 4).
Beraz, Antxote + -in > Antxotin. Horrela, Antso antroponimoaren hipokoristiko ugarietan beste bat dago gehitzeko, Antxotin.

viernes, 11 de septiembre de 2026

Berberikako gaina toponimoa

 Berberikako gaina da Ziordia herriko mendi bat. Lekuko zaharrenak XVIII. mendearen erdialdean hasten dira:

berberica (1758)
berberica, cerro (1799)
berberika, alto de v. berberikako gaina (1992)
Toponimoaren bigarren elementua gain da, izen egokia jakinik mendia izendatzen duela. Aurrean, -ko atzizkiaz gain *Berberika genuke izen nagusitzat. Toponimoa interesgarria da, bukaeran -ika atzizkia omen dugulako eta atzizki horren multzo nagusia Bizkaian eta Araban dago, sartaldeko atzizkia ohi delako. Hala ere, eremu horretatik kanpo lekuko batzuk aurki daitezke, Nafarroan bertan Zabaldika herri izena dago, baita ere blog honetan aztertutako Mendrika toponimoa, Arabako zein Bizkaiko toponimo batzuekiko lotura nabaria duela. Hori guztia kontuan izanik, izan liteke atzizki hori duena Euskal lurraldeko erdialdeko beste toponimo bat gehiago. Bukaerako elementua azaldu ondoren, oinarria geratzen da eta Burgosko probintzian bada hasiera bera duen herri zen bat, Berberana toponimoa, Euskal Herriko mugan dagoena. Toponimo honetan bi elementu daude, bukaeran -ana atzizkia eta oinarrian antroponimo bat, Barbar(i)us latin jatorrikoa. Antroponimo bera Gipuzkoako Barbariaitza toponimoan ere bada, baina azaldu gabe geratzen da ezberdintasun nabarmen bat, hasierako bi bokalak, /a/ izan beharrean /e/ dira Berberana eta *Berberika toponimoetan baina ez da gertatu Barbariaitza toponimoan. Beharbada latinean gertatutako aldaketa baten lekukoak dira Burgosko zein Nafarroako toponimoak? Oraingoz ez dago erantzunik.

miércoles, 9 de septiembre de 2026

Niminoarena toponimoa

 Baztango etxeen artekoan bazen Niminoarena, Bozateko auzokoa. F. Ondarraren Apeo de Baztán (1726-1727) lanean daude eskuratu diren bi lekukoak XVIII. mende hasierakoak, zehazki, 1726. urtekoak:

86. Niminoarena o Bettroñarena Juan de Martingorena
87. De un cuarto Cathalina de Niminoarena viuda
Toponimoan hiru elementu daude, bukaeran genitiboa eta artikulua eta oinarrian ñimiño, ziurrenik izengoitia. Dirudienez, hitza loturik dago gaztelaniazko nimio hitzarekin, ondoren hirugarren silaban beste sudurkari bat ezarria izan zen, tximino hitzean bezala.
Ñimiño hitzaren Orotariko Euskal Hiztegiko lekuko zaharrena Larramendiren hiztegikoa da, 1745. urtekoa eta, beraz, toponimo nafar honek ia bi hamarkada lehenagora aurreratuko luke lehenengo lekukoa.