viernes, 19 de enero de 2018

Donustebia toponimoa

Arabako Bernedo udalerriko Arluzean bada egun Donustebia bezala ezaguna den lekua (Cuadernos de toponimia 2 Montaña alavesa, 39. or.: 37.— Donustebia), eta garai zaharragoetan beste bi aldaeratan ezaguna: Donostebia (1721) eta Donastebia (1775). Azken bi hauek G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa izeneko lan erraldoian daude.
Jatorria bilatzerakoan, nabarmena da Donostia izenarekin dagoen antzekotasuna, nahiz eta azken honek silaba bat gutxiago izan. Ezaguna da Dom(i)ne Sebastiane zahar batetik egungo Donostia izenera aldaketa nabarmenak gertatu direla eta Arabako toponimoan ere aldaketak izan ziren, tartean metatesi ezohiko bat b-st > st-b, baina bilakaera osoa lehenago gelditu zen, Donustebia izenak, edo bere aldaerek erakusten duten bezala.

2 comentarios:

  1. Nafarroa Garaiko Doneztebe Maldaerreka eskualdekoen ahoskeran Donéztua da (inguruko herri batzuen izenari -a jarri ohi diote, hala nola Ituren > Ittuna, Doneztebe > Donezt(eb)a...).
    Bada, bestalde, Donoztiri izeneko herria Baxe Nafarroan, han ingurukoek Donozti ahoskatzen dutena.
    Gipuzkoako gaur egungo hiriburuaren kasuan, zoritxarrez, jende askok eta askok Donosti ahoskatu eta idazten dute, -a itsatsia zeharo baztertuta.

    ResponderEliminar
  2. Bai, Donosti aldaera berrixea da, baina Donostia normalizatu denez, ahozkorako geratuko da -a gabeko aldaera.

    ResponderEliminar