Behorlegi / BéhorléguyBlog honetan azaldutako etimologia gehienen ustekoak gara, ziurrenik elementuak behor eta hegi dira, baina ahaztu gabe -tegi atzizkia ere izan litekeela, aldaera zahar batez, cf. jauregi. Baina azalpen oso ezberdina dugu /l/ arazotsurako, jatorrizko toponimoa *Behorregi izango zelako eta gero Behorlegi bihurtu, dardarkari disimilazio batengatik. Fenomeno bera aipatu dugu blog honetako aztertutako beste toponimo batzuetan, hala nola Arlegi, Agurlaeta eta Gorliz toponimoetan.
Etimologia azalpenak:
Hatanek (1895: 15) ‘behor-leku’ erranahia ematen dio. Vinsonek ere behor ‘jument’ dakusa Behorlegi izenean, Behobia-n bezala (1909: 354), nahiz normalean euskal toponimoetan animali izenik ez duen ikusi nahi izaten (ibid., 352); bukaera legi ezezaguna da, Irulegi-n eta Ustelegi-n (burdin meatzea da hau) dugun bera. Zernahi dela, horren oinarrian-edo leg ‘coupure, passage, fente’ datekeela ere badio (ibid., 351).
Mitxelenak erraten du (AV, 148, 194) oinarrian be(h)or dugula eta atzizkia -egi leku atzizkiaren aldaera datekeen -legi dela, Aranguren ibarreko Irurlegi herri hustuaren izenean edo Iruñeko Laturlegi-n dugun bera. Lafonek (1954: 250) Nafarroako Ealegui “petite agglomération au nord de Pampelune” aipatzen du eta dio Ea-n oinarritua dagoela eta atzizkia Beorlegi-n dugun bera dela. Hondarreko izen honetan behor ‘jument’ dago aipatu autorearen arabera, eta, irudi duenez -egileak ez du garbiro erraten-, -egi tokizko atzizkia. Ikertzaile honen iritzian tarteko -l- hori ez da argia.
Lemoinek (1977: 190-19 1) behor eta -legi, -tegi ‘abri’ dakuski izen honetan; behor-tegi ‘parc à cavales’ ere aipatzen du. Txarrena da gero behor hitza latineko equa-rekin lotu nahi duela, «en admetant un B initial et un r final euphoniques». Dauzat & Rostaingek (1983 [1963]: 67) lehen osagaia iluna dela diote eta menturaz euskarazko behor datekeela; bukaerako -gui euskal atzizki lekuzkoa da autore hauen ustean. Ez dute, halarik ere, tarteko -le- hori zer den zehazten.
Orpustanek (1990: 113-114, 1999: 60) ere behor dakusa Behorlegi-ren lehen elementutzat; bigarren osagaia herriaren kokalekuari erreferentzia egiten dion -(h)egi ‘bord, créte, sommet’ da ortzaiztarraren iritzian, Behorlegi Mendibe-ri kontrajartzen diona. Nolanahi ere, badirudi -(h)egi hori -egi-rekin (gero -tegi bilakatu zenarekin) berdintzen duela, haren ustez ‘berokia’, ‘babeslekua’ («abri») duen atzizkiarekin, alegia. Ildo honetatik, ez du baztertzen Behorlegi-ren jatorrizko adiera ‘behor berokia, behor babeslekua’ izan zitekeelakoa. Bigarren osagaiaren -l- loturazko fonema dela uste du, trantsiziokoa, toponimian arraroa dena, Alçailegui, Ansalegui, Liçarlain... bezalako ugalde izenetan azaltzen bada ere.
Beranduagoko beste lan batean (1999: 97) zalantza egon daitekeela dio, hegi ‘crête’ ‘sommet’ nahiz -(t)egi izan dezakegulako. Alderdi honetatik Nafarroa Garaiko Beortegi toponimoa Nafarroa Behereko Behorlegi-rekin aldera daitekeela uste du.
Beraz, rr > rl disimilazioa gertatu zen toponimo honetan. Lexiko arruntean ere kasuren bat bada, gerla 'gerra' ezagunena da, zalantzarik gabe.
No hay comentarios:
Publicar un comentario