martes, 7 de mayo de 2019

Agurlaeta toponimoa

Toponimo hau Bergarako Angiozar auzokoa da, eta informazio guztia Juan San Martinen Onomasticon 21 Eibar eta Elgetako toponomastika = Toponomástica de Eibar y Elgeta liburukoa da. Bi toponimo baziren, Agurlaeta bekua eta Agurlaeta goikua, biak 105. orrialdean aipatuak:
"Agurlaeta bekua (A)
1603, apell. Pedro de Agurlaeta, mayordomo bolsero de la villa de Elgeta (EAU, p. 132).
1625, casa Aguilaeta (CHG).
1639, apell. Agurlaeta (EAU, p. 16).
1662, apell. Agurleta (EAU, p. 159).
1857, casa Aguleta azpicoa (Nomenclátor).
1928, casa Agurlaeta abajo (Hab.: Norberto Gallastegui).
1974, casa Agurlaeta (Aguleta) (CG. Lin.)".
"Agurlaeta goikua (A)
1857, casa Aguleta-gañecoa (Nomenclátor).
1928, casa Agurlaeta arriba (Hab.: José Ignacio Aranzábal)."
Toponimo honek baditu hiru aldaera, Aguilaeta (1625) kakografia hutsa delako. Aldaerak lirateke Agurlaeta, Agurleta eta Aguleta, baina zaharrena, zalantzarik gabe, Agurlaeta litzateke. Besteak berriagoak dira eta laburragoak, rl > l eta ae > e bezalako laburketak gertatu direlako.
Beraz, azterketa etimologikoak Agurlaeta kontuan hartu behar du. Ezagunetik ezezagunerako analisia eginez, argi dago -eta atzizkia badela, eta geratzen dena agurla- litzateke, nahiko iluna dena. Baina nahiz eta hori zaharrena izan, litekeena da lehenago aldaketaren bat jasotzea eta horregatik toponimoa hainbeste ilundu da. Agurlaeta toponimorako bi aldaketa proposatuko genituzke, metatesi bat eta disimilazio bat. Metatesia rr-g > g-rr izango zen eta disimilazioa rr > rl. Azken aldaketa ez da ezezaguna, blog honetan bada Agirleta toponimoa, aldaketa bera jasoko zuena.
Horrela, jatorriz *Arrugaeta izango zen eta gero, aipatutako bi aldaketak gertatu eta Agurleta bigurtu zen.
Arruga hitz zaharra da, eta horrela argertzen da Koldo Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan:
"94b. — arruga (vizc.) «plaza, mercado» (REW 7426): Arrugaeta (Gorostiaga, Zumárraga, 3, 71); Arruaçu (Pamplona, 1350), top. Arrugaçu (10544076), actual Arruazu (Nav.). V. arriba, 90."

Beraz, Agurleta toponimoa, nahiko mozorrotua, arruga izen zaharraren ondorengoa litzateke.

Eguneraketa (2021-10-20):
Sarrera honetako lekuko zaharrena 1603. urtekoa da, baina badaude beste bi lekuko zaharragoak, ia mende bat, 1520. urtekoak direlako. Lekukoak daude Archivo Municipal de Elgueta (1181-1520) izenburuko liburuan, 95. agirian, 1520. urtean:

Juan Ochoa de Agurlaeta [...] María de Agurlaeta
Horrek berresten du Agurlaeta izenaren zahartasunaz baina etimologia lehen bezalakoa da.

2 comentarios:

  1. Zerikusia izango ote du Egorleta abizenak Agurlaeta horrekin?

    ResponderEliminar
  2. Dokuklik (https://dokuklik.euskadi.eus/sacramentales/search) web-gunean begiratu dut eta ez dago lekukorik. Beharbada Egorleta hori aldaera modernoa da, edo EAEtik kanpokoa, Nafarroakoa edo Ipar EHkoa.

    ResponderEliminar