Erdi Aroko antroponimian sarrera handia izan zuen germaniar jatorrikoa, tartean Menendo, hau zen Ermenegildo, Ermegildus antroponimoaren hipokoristikoa. Euskal Herrian, dirudienez, ez du lekuko antroponimikorik utzi, baina toponimian aztarrena utzi omen du, lurraldearen sartaldean:
1. Menerdo, Arabako Aiaraldean. Antroponimoa toponimo bihurtuko zen, beste elementurik gabe.
2. Menerdiga, hau ere Arabako Aiaraldekoa, Menerdotik hurbil. Antroponimoaz gain, -ika atzizkia egon daiteke, erromantzezko bilakaera jasanez.
3. Mendeika eta Menderika, Urduñakoak, Aiaraldeko mugan. Bi toponimoak nahiko hurbil daude eta, ziurrenik, toponimo beraren bi aldaera dira. Menerdiga toponimoaren elementu berberak dituzte, baina euskarazko bilakaera jasan dute.
4. Mendrika, Baztango toponimoa, Nafarroan. Mendeika eta Menderika toponimoen elementu berberak omen daude, baina toponimoaren kokapena oso ezohikoa da eta horrek zalantzazko bihurtzen du.
5. Mendiritxaga, Bizkaiko bi toponimo dira. Bukaeran -aga atzizkia dago eta aurrean *Menenditz bezalakoa izan liteke, Menendoren patronimikoaren elementu berberekin.
6. Belendiz, Bizkaiko toponimoa. Mendiritxaga bezala, *Menendi(t)z bezalako batetik sortua eta ondoren aldatua.
7. Mendexa, Bizkaikoa. Mendiritxaga toponimoaren antzekoa da, *Menendi(t)z oinarria litzateke eta ondoren artikulua. Azken bi toponimoetan i(t)z > (t)x bilakaera gertatu zen, euskararen sartaldeko ezaugarri bat.
Toponimoak zazpi edo zortzi dira, Mendeika eta Menderika toponimoak zenbatzearen arabera. Mendrika izan ezik, beste guztiak euskararen sartaldean daude. Lehenago batu ez izanaren arrazoia izan liteke gertatutako aldaketak, oso nabarmena metatesia izan zen, toponimo gehienetan gertatua, n-nd > nd-n, Mendeika, Menderika, Mendrika, Mendiritxaga eta Mendexa toponimoetan.
Beste aldaketa nagusia izan zen bokal arteko sudurkariari gertatutakoa, gehienetan aldatu zelako. Sudurkarien disimilazioek bi ondorio ekarri zituen, batetik n-n > n-r, Menerdo, Menerdiga, Menderika, Mendrika eta Mendiritxaga toponimoetan. Beste disimilazio bat izan zen n-n > l-n, Belendiz toponimoan. Azkenik, beste toponimo multzo batean bokal arteko sudurkari hori galdu zen, Mendeika eta Mendexa toponimoetan.
Hauetaz gain, beste aldaketa fonetiko batzuk izan ziren, bokal arteko herskari ahoskabeen ahostuntzea, erdarazko fenomenoa, Menerdiga toponimoan. Beste aldaketa bat, toponimo bakarrari gertatua, sinkoparena, Mendrika toponimoan. Hiperzuzenketa, Belendiz toponimoari gertatuko zitzaion, *Melendiz jatorrizko batetik.
Azkenik, i(t)z > (t)x bilakaera, Mendiritxaga eta Mendexa toponimoetan.
Sarrera hauetan aurkeztutako lotura etimologikoak zuzenak badira, Menendo antroponimoak utzitako aztarrena ez da txikia izan. Gainera, nabarmendu nahi dugu lekuko antroponimikorik ez dagoela, beraz, Erdi Aroko euskal antroponimiaren ezagutzan hutsune handiak daude eta kanpoko antroponimiaren beharra dagoela ahalik eta hutsune gutxiago geratzeko.
viernes, 19 de junio de 2026
Menendo antroponimoaren lekuko toponimikoak
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario