Mostrando entradas con la etiqueta Sarrinko. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Sarrinko. Mostrar todas las entradas

lunes, 9 de junio de 2025

Sarrinko, Sarrinkoa toponimoak

 Sarrinko da Arabako Donemiliagako aurkintza bat. Gasteizen Sarrinko izeneko aurkintza dago eta baita ere Sarrinkoa, bi aldiz. Azkenik, Sarrinkoa aurkintza dago Zigoitian; guztira, bost toponimo dira Sarrinko edo Sarrinkoa izena dutenak, azkena -a, jakina, artikulua da. 
Toponimoen lekuko zaharrak daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkituak:

SARRINCO, labrantíos en Arechavaleta y Zuazo.
SARRINCOA, labrantíos en Zuazo, Ascarza, Arróyabe y Gámiz.
SARRINCOBIDEA, 1797, término de Lubiano.
SARRINCOETA, 1635, labrantío en Durana. 1695, heredad de Mendibil.
SARRIONCOOSTEA, 1625, labrantío de Zuazo San Millán.
SARRINCOSTEA, 1719, el anterior.
Beraz, XVII. mendetik lekuko ugari daude, zaharrenak lau mende bete ditu aurten, baina gaizki idatzia.
Arabako toponimo hauek homofono bat izan zuten Errioxan, Sarrinko toponimoa, 945. urtekoa. Gainera, lekuko guztiak inguru berean daude, aspaldiko euskararen sartaldean, Araban zein Errioxan.
Toponimoetan, antza, sarri hitza dago eta -nko atzizki txikigarria. Beharbada inguru horretan hitza lexikalizatu zen, bestela zaila litzateke azaltzea hainbeste Sarrinkoren ugaritasuna eremu horietan.

miércoles, 31 de enero de 2024

Sarrinko toponimoa

 Errioxako toponimo zahar hau lekuko bakar baten bitartez ezaguna da, Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano izeneko bilduman dago lekukoa, Sarrincho bezala jarria, 945. urtean:

[...] concedimus vobis in montibus de civitate de Aucha licentiam cedendi ligna ad cremandum, et ad domos hedificandas in locis determinatis, id est: sicut accipit in Ocharanna et ad Garvissaro, et ad Sanctum Pelagium; deinde ad Via de Torchus; deinde ad lumbo de Sarrincho; deinde ad Rencones et bachariza in Berrozal; et de Morteros et de Totas Torchas usque ad Vallem de Avolo, et usque ad padulem de Herramel, quia totum istud supradictum terminum est de civitate de Aucha. Et in istis supradictis terminis et in aliis montibus [...]
Toponimoan zalantza bat dago <ch> digrafoa interpretatzeko orduan. Izan ere, testuan badira digrafo honen bi irakurketa, batean, egun <tx> bezala izkribatuko genukeena, Ocharanna toponimoan. Baina beste modu batena irakurriko litzateke beste agerpen batzuetan, horrelakoak dira Aucha 'Oka', bachariza eta Torchas bezalakoetan. Hauetan <k> izango litzateke euskarazko grafia egokia. Beraz, bi irakurketa daude izen honetarako, uste badugu bestelako akatsik ez dagoela, *Sarrintxo ala *Sarrinko. Bietatik zuzena bigarrena litzateke, jakinik badirela sarri hitza eta -nko atzizki txikigarria, muturreko lurraldeetan ezaguna, erdikoetan -ngo aldaera ohikoa dena. Horrelako banaketa Otsango eta Otsanko antroponimoetan ere izango genuke.
Toponimorako eman den azterketa zuzena bada, hauxe litzateke sarri hitzaren lehenengo lekukoa, Orotariko Euskal Hiztegian dagoena X. mende bukaerakoa delako, beraz, mende erdi baten aurrerapena litzateke.