martes, 11 de septiembre de 2018

Otsanko antroponimoa

Antroponimo galdu hau hiru aldiz agertu da Donemiliaga Kukulako kartularioan. Lekuko zaharrena Uzanco bezala dago: Uzanco de Refoio, 940. urtekoa, 27. agiria.
Hamaika urte geroago beste aldaera bat izango genuke, Ozanco: vinea de Ozanco [transkribapenean Oranco], eta bi lerro beherago: a[g]ro de Ozanco. Esan bezala, biak 951. urtekoak, 62. agirian.
P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan Otxanko, Otsango hipokoristikoak aipatu zituen eta Errioxako Uzanco, Ozanco horiek hipokoristiko honen lekuko zaharrenak lirateke, duela mila urte baino zaharragoak.
Uzanco-ren lehenengo bokalaren aldaketa blog honetan dauden toponimo batzuetan ere bada, hala nola, Uxando, Usandizaga eta Usanits. Beraz, Otxoa-ren hainbat eratorritan gertatutako fenomeno litzateke.
*Otsanko-ren egitura ezaguna da, batetik otsa- 'otso/Otso' eta atzizkia -nko, Otxanko bezala, belare ahoskabea gordetakoa.
Grafiaren aldetik, susmatzekoa da <z> erabiliko zutela afrikatua idazteko, grafia egokia ez zutelako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario