Donostiako baserrien artean Txiskuene izenekoa dago.
XIX. mende bukaerako lekuko batzuk badira Donostiako toponimia lanean:
*TXISKUENEA: Txiskuene, Benta berri (1989, D.U.T.B.). 64-6-7, M.Toponimoan, etxe izen askotan bezala, oinarrian antroponimo bat izango zuen, eta ondoren -(r)en + -a, erabat arruntak etxeei izena emateko. Oinarriko izena *Txisku izango zen, Frantzisko antroponimoaren hipokoristikoa. Dirudienez, ez da oso ohikoa izan euskal lurretan, ez da agertzen, esaterako, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan.
TXISKUENEA: Txiskuene, Txiskuenia (1989, D.U.T.B.). 64-14-6, m. H-4.
Euskal Herriaren inguruko lurretan hurbilen dauden hipokoristiko horren antzekoenak Katalunian bilatu beharra dago, han daude Cesc, Cesco, Xesc, Xisco, Cisco, Siscu, lehenengo silaba galdua dutenak. Gaztelaniazko Francisco izenaren orrian badira hipokoristiko horiek eta gehiago.
Beste aukera bat izan liteke, zisku hitza, adiera nagusia "diru-poltsa" dena. Ez da ezinezkoa hitz horrekin toponimoa sortzea, baina toponimoa etxea izanik, antroponimo ezagun baten hipokoristiko ez hain ezagun bat erabiltzeak aukera gehiago baditu etimologian ongi egokitzeko.
Blog honetan behin aztertua izan da Frantzisko izena, baina horretan ere, hipokoristikoa izan gabe, aldaketak batzuk jaso zituen, Fraiskozurikoa toponimoak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario