Arabako toponimo honek lekuko bakarra du, XX. mendearen erdialdekoa eta Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan du iturri bakarra:
FUSIMUSU, fuente y término de Alda.Lekuko bakarra izateak eta lekukotza zaharrik ez izateak ziurtasuna kentzen diote hemen aurkeztuko den etimologiari, baina beharrezko urrats guztiak azalduko dira. Jakina, lekuko zaharren bat aurkituz gero, etimologia konfirmatuko litzateke edo, besterik gabe, deuseztuko.
Toponimoak bi elementu lituzke, fusi- ezezaguna eta musu, hau ezaguna eta Zubimosu-Zubipunta toponimoan aipatua. Eta azken toponimo hau, Zubimosu, izan daiteke Aldako toponimoa azaltzeko gakoa. Hemen proposatuko da biak elementu berberez osaturik daudela, Zubimosu eta Fusimusu. Azken aldea ez da azaldu beharrik, baina bai hasierakoa. Bi aldaketa proposatuko dira, metatesi bat, s-f > f-s eta txistukari neutralizazioa, z-s > s-s. Atzeranzko urratsak eginez, *Zufimusu berreskuratuko genuke, *zufi hori zubi ezagunaren aldaera dela, toponimian aztarren txikia utzi duena, baina ez testuetan.
Zubi-musu hitz elkartuak lekua du euskal hiztegian, txikia bada ere:
ZUBI-MUSU (Lar, s.v. punta, extremo). Extremo de un puente.Etimologiaren indargarria izan daiteke toponimoak iturri bat izendatzen duela, hau da, ura den tokia. Beharbada inguruan bada edo bazen zubi bat.
Bide batez, toponimo honekin zubi-musu hitzaren erabil-eremua Arabara ere hedatu da, Bizkaian eta Gipuzkoan ezaguna zela erakutsi izan da blogean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario