Zelanda da Legazpiko bi toponimoren oinarria, biak baserriak, Zelandabekoa eta Zelandagoikoa. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrenak XIX. mendearen erdialdekoak dira: Celanda de arriba eta Celanda de abajo (1857).
Zelanda izenetik hasiko da azterketa baina ziurrenik ez du loturarik Zeelanda Herbehereetako probintziarekin, nahiz eta izenak oso antzekoak izan. Bide batez, Zeelanda Berria herrialdearen izena beste horretan oinarriturik dago. Herbehereetako toponimoaren ezagutza izan bazen Euskal Herrian Zelanda aldaera laburtua izango zen, Legazpiko toponimoaren homofonoa. Hala ere, gerta liteke analisia beste bide batetik egin ahal izatea.
Zelanda izenak antz handia du blog honetan aztertutako Zelandi eta Zelandieta toponimoekin. Azken hauetan zelai + handi (+ -eta) analisia proposatu bagenuen, Zelanda toponimorako antzekoa proposatuko dugu. Beharbada egokiena zelai + landa izan daiteke, lehenik *Zelailanda sortuko zen eta gero, toponimoa laburtu zen, haplologia gertatuz, hau da, bi silaba oso antzeko elkarren ondoan jarri ziren eta bat geratu zen, *Zelailanda > Zelanda. Lekuko zaharragoak izanez gero, gerta liteke aurreko egoeraren lekukorik agertzea baina hori ere zalantzazkoa da, agian toponimoa sortu ondoren laburketa gertatu zen, proposatutako etimologia zuzena bada.
miércoles, 19 de marzo de 2025
Zelanda toponimoa
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario