sábado, 24 de abril de 2021

Jandisolo toponimoa

 Toponimo hau Arrazolan zegoen, hau da, Elorrioko udalerrian. Dirudienez, lekuko zaharrena duela 500 urtekoa da, Colección Documental del Archivo Municipal de Elorrio (1013-1519) liburuan dagoena, 23. agirian, 1501. urtean:

... entrel conçejo de la dicha villa [Elorrio], de la vna parte, e de la otra los prestamero e merino e justiçia e vecinos de la merindad de Durango, en rason del mojonamiento de las partes de fasya Leanisgaray e Sayarrias e Ylunçar e Jandisolo e Verengarate...
Hurrengo lekukoak XVIII. mendekoak dira, bat mendearen erdialdekoa eta besteak bukaerakoak, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan jasoak:

Jandisolo [N, TO]
Jandisolo (la caseria de), Arrazola, a.1745, FogVizcayaMs.

Jaundesolo [N, TO]

Jaundesolo o Echezar (la caseria de), Arrazola, a.1796, FogVizcayaMs.

Juandesolo [N, TO]
Juandesolo+ (la otra caseria de), Arrazola, a.1796, FogVizcayaMs.
Juandisolo+ (la casa de), Arrazola, a.1798, FogVizcayaMs.
Lekuko zaharrenak bat datoz toponimoa Jandisolo izendatzerakoan, baina azkenetan hiru aldaera daude, Jaundesolo, Juandesolo eta Juandisolo. Azken lekuko hauetan badirudi herri etimologia gertatu dela eta jaun zein Juan hitzen eraginez aldatu dira aipatutako lekukoak. Zailagoa da /e/ bokala azaltzea, beharbada Juandisolo bezalako aldaera sortu eta ondoren hiperzuzenketa gertatu zen, aurreko toponimo batean azaldu bezala i-a > i-e asimilazioa ohikoa izan da eremu askotan, Lopeigertu toponimoan bezala. Hiztunak jakitunak izan litekezke bilakaera horretaz eta, zenbaitetan, zuzentzen saiatzen dira, atzeranzko urratsa eginez, baina batzuetan zuzenketa hori egiten dute beharrezkoa ez zen izenetan, asimilazioak aldatu ez dituenak eta horrela, aldaera berriak sortzen dira.
Toponimoak bi elementu lituzke, Jaunti antroponimoa eta solo izen arrunta, soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Aipagarria da antroponimo honetatik sortutako toponimoetan jand(i)- aldaera izaten dela, hala nola Janduri, Jandustegi eta Jandolamendi toponimoetan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario