viernes, 3 de marzo de 2023

Bunabil toponimoa

 Bunabil da Errenteriako aurkintza bat. Toponimoak bizitza luzea izan du, lekukoak XVII. mendearen erdialdean hasi ziren eta oso aldaera ezberdinak aurkitu dira:

1654 Buno biribilla
1745 Bunavill
1895 Bunariko-mozpelian
1895 Bunariko-urgurutzia
1909 Bunagilko-gañetik-gora
1909 Bunagillko-lepuan mospeletik
1909 Bunagillko-zubiyan
1934 Munaiko Urkurutza
Egun, ahozko aldaera Munaiill da, Errenteriako udalaren web guneko informazioaren arabera. Lehenengo lekukoan izena azaldurik geratzen da: Buno biribilla, hau da, muino izena eta biribil izenondoa. Bigarrenean egungo aldaera ofiziala dago eta aurreko izena laburturik dago, muna- 'muno' eta *bil, biribil hitzaren oinarria eta hainbat hitzetan dagoena, toponimian Mendibil eta hitz arruntetan gurpil oso ezaguna da. *Bunari aldaeran gerta liteke bigarren elementua *bil ez izatea eta bai -iri atzizkia. Bestela, Bunabil + -ko > *Bunabilko > Bunariko bilakaera ez da zaila azaltzen, lehenik disimilazio bat, b-b > b-d eta ondoren VdV > VrV bilakaera ohikoa Gipuzkoako hainbat eremutan. Azkenik toponimoaren albokoa galdu zen, galera berdintsua mutiko izenean gertatuko zen, hasieran mutilko zelako. 1934. urteko Munaiko aipatutako bilakaeraren ondorengo urrats bat da, Bunariko > Munaiko, b-n > m-n asimilazioa eta bokalarteko dardarkaria galdu da, hau ere nahiko ohikoa da eremu askotan.
Azaltzeko geratzen den azken aldaera *Bunagil litzateke, honen jatorria Bunabil izenean dago eta gertatutako aldaketa bakarra herskari ezpainkarien disimilazioa da, b-b > b-g.
Toponimo honek oso aldaera nabarmenak izan ditu, dirudienez, izena ez da inoiz erabat finkatu eta horrela urteen joanarekin hainbat aldaera sortu dira baina funtsean, kontzeptu bera dago lekuko guztietan, nahiz eta azalean oso ezberdinak izan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario