lunes, 27 de enero de 2025

Peterbide toponimoa

Peterbide da Araba aldeko toponimoa, herri gutxi batzuetan dagoena. Bernedon aurkintza bat da, baita ere Zigoitian eta Zuian. Arratza-Ubarrundian aurkintzaren izena Peterbidea da. Hauen artean lekuko zaharrenak dituena da Zigoitiko toponimoa, XVI. mendekoak dituelako: Petervideerrollaza (1570) eta Petervidemosu (1579).
Peterbide(a) toponimoaren lekuko zahar eta berriak daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

PETERBIDE, labrantíos en Berrícano, San Vicente de Arana y Los Huetos.
PETERBIDEA, 1648, labrantío en San Vicente de Arana. 1750, íd. en Durana. 1718, íd. de Zurbano. 1704, íd. de Los Huetos.
Toponimo eratorri bat badago:
PETERBIDEGANA, 1706, labrantío en Los Huetos.
Azken elementua gan 'gain' da, eta artikulua. Gainera, badira beste bi toponimo apur bat aldatuak:
PERTERBIDIA, 1699, labrantíos en Durana.
PITERBIDI, 1714, labrantío de Quintana.
Batean hasierako silaba aldatu da dardarkaria lehenengo silaban ere dagoelako, bestean bokal batzuk aldatu dira.
Aipatzeko beste toponimo bat geratzen da eta aldaketa nabarmenak jasan baditu ere, goragokoen jatorri berekoa izan daiteke:
GRETERBIDEA, 1630, labrantío de San Vicente Arana.
Herri berekoak dira Peterbide eta Peterbidea eta, ziurrenik, Greterbidea, zaharragoa bada ere, aurrekoen aldaera baino ez da. Beraz, analizatzeko izena Peterbide da eta agerian dago bigarren elementu, bide hitz ezaguna, baina ez da gauza bera gertatzen aurreko elementuarekin. Sarrera honetan proposatuko dugu peter- ezezagun hori bereter hitzaren aldaera laburtua baino ez dela. Izan ere, Gipuzkoan bada Bereterbide toponimoa, blog honetan aztertua. Ziurrenik lehenik bokalarteko dardarkaria galdu zen eta ondoren bi bokal berdinak batu ziren. Geratzen da hasierako herskariarenak eta beharbada, aipatutako aldaketak gertatu ondoren izan zen, asimilazio bat gertatuko zen, ahoskabetasunezkoa: b-t > p-t. Bilakaera hau ez da arauzkoa baina adibideak aurkitzea ez da zaila, cf. piztu < biz(i) + -tu.
Aipagarria da azken fenomeno hori aztertutako toponimo guztietan gertatu zela, eta horrek, beharbada, adieraz lezake Arabako hizkeran hitz hori laburtua zela. Azkenik, jakiteko geratuko litzateke toponimoaren ugaritasunaren arrazoia. Beharbada beste lekuen elizbide hitz elkartuaren sinonimoa zen. Arabako historia eklesiastikoan adituek azalpena eman lezakete. Hizkuntzaren aldetik, ez dago oztopo handirik, baina kontrastea nabaria dago aipatutako Gipuzkoako toponimoarekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario