Belakuri da Lezamako baso bat. Badu toponimo eratorri bat, Belakuriko iturria. Lekukoa bakarra eta gauregungoa. Horrek analisia zailtzen du, eta zalantzazko bihurtzen, baina toponimoaren egitura argiak, beharbada, forma zaharrari eutsi dio. Alde horretatik toponimoa gardena da, Belako PI + huri > Belakuri, aldaketarik gabe. Belako ez da lekuko ugariko izena, baina badu nahiko zaharra den bat, harri gaineko idazkun batean, Basauriko Finagako nekropolian aurkitua. Testua, Belaco Filius, IX.-X. mendekoa (Azkarate & Garzia, 1996, 166-168 orrialdeetan).) Lekuko baliotsua da Lope García de Salazar-en La Cronica de Vizcaya liburuan XV. mende erdikoan idatzitakoa (Gandarias, 1986, 55):
E los que vinieron a poblar la tierra [Aiara] eran d’ellos bascongados e d’ellos latinados, e los bascongados (2) llaman a don Bela don Belaco, e los latinados don Bellaco, e fisole conde el rey e llamáronle el conde don Bela, e éste pobló la tierra e aforóla.Beraz, García de Salazar-en arabera, euskaraz don Belaco zena, don Bellaco zen erdaraz. Interesgarria da Laudioko Ellakuri toponimoa, oinarrian, antza denez, Bellako duelako. Nahiz eta bi toponimoak euskaraz sortuak izan, batean Bellako erabili zen eta bestean Belako, beharbada Laudio aldekoa arkaismoa da. Dirudienez, Bizkai aldean Belako izena nahiko erabilia izan zen, toponimo batzuen oinarria delako, Belakoerrota goikoa eta Belakotegi toponimoak, blog honetan aztertuak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario