viernes, 16 de febrero de 2018

Amatiño toponimoa

Gipuzkoako toponimoa, Arrasaten eta Bergaran badira toponimo honen lekukoak, bi herrietan lekukoak zaharrak dira, Erdi Arokoak.
Arrasateko toponimia liburuan badaude herri honetako Amatiño-ren lekuko zaharrenetan agertzen diren hiru aldaera esanguratsuenak: Amatiao (1440), Amatio (1440) eta Amatyano (1460). Lehenengoan sudurkaria ez da islatzen baina /ao/ sekuentzia oraindik bada. Amatiño litzateke bilakaera bukatuaren ondorioa. Amatiano, aldiz, aldaera zaharrena, gure egunera arte erdaraz gordetakoa. Beraz, hurrenketa hauxe litzateke: Amatiano > Amatiâô > Amatiño. Azken bi lekukoetan ez zen sudurkaritasuna islatuko, baina ziurrenik, han izango zen. Toponimo honek -ano latin atzizkia badu, eta latinetik hartutako mailegu latin zaharretan gertatu bezala, euskaraz bokalarteko sudurkaria galdu zen, eta gero berreskuratu, bokaletan sudurkaritasuna gorde zelako.
Azaltzeko geratzen da lehenengo elementua, antroponimoa izan ohi zena. Toponimo honetan egokiena Amatus litzateke: Amatus + -ano > Amatiano > Amatiâô > Amatiño.
Proposatutako etimologia zuzena izatekotan, toponimo honek ia bi mila urte izango zituen eta erromatarren inperioaren beste ekarpen bat litzateke, Arrasate eta Bergarako bi leku izendatzeko erabilia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario