Erandioko toponimoa, Erdi Aroko lekukorik bada, Libro de Autos Judiciales de la Alcaldía (1419-1499) y Libro de Acuerdos y Decretos Municipales (1463) de la Villa de Bilbao liburuan. Beraz, laburketa gertatu bazen, oso aspaldian izan beharko zuen. Horregatik, analisia egiterakoan, gure egunera heldu den itxura kontuan hartuko dugu. Toponimoa bitxia da, d- hasiera ez da batere ohikoa, eta askotan done, dona hitzak badira: Donibane, Donamaria... Baina Demosti bestelakoa da, /n/ sudurkariaren aztarrenik ez delako. Hori dela eta, beste analisi bat beharrezkoa da. Kasu honetan euskal hitzik ez bada, beste hizkuntza baten elementuz osaturik egon ahal da. Aukera bat izen arrunten erabilera litzateke, eta beste bat, beste mota bateko izenak izatea, hau da, antroponimoak; hauek oso erraz mailegatzen direlako. Egokitasuna bilatuz, bada latin jatorriko antroponimo bat, Modestus. Ezaguna da euskaraz mailegatutako latinetiko antroponimo ugaritan bukaeran -i bokala dutela: Bikendi, Dulkiti, Lakendi... Beharbada genitibotik jasotakoak. Antzekoa gertatuko zitzaion Modestus izenari.
Modestus izenean jatorria badu bi aukera daude, erromatarren garaikoa izan, eta orduan izena genitibotik geratuko zen eta horrela finkatu. Bestela, izena mailegatu zen eta orduan *Modesti antroponimoa izan zen euskaraz eta garai batean, beharbada Erdi Aroan, toponimo bihurtu zen. Hala ere, garai hartako testuetan ez da *Modesti antroponimorik aurkitzen. Baina jakinik mende haietako agirien urritasuna, pertsona izen ugarik ez zuten lortuko agirietan geratzea. Besterik gabe, galduko ziren.
Dela Modestus latina, dela *Modesti euskalduna, diferentzia nabarmena bada, dirudienez, m-d > d-m metatesia gertatu zen eta horrela iraun du gure egunetaraino. Horrelako aldaketa bati arrazoia aurkitzea ez da erraza, zergati *Modesti ez eta Demosti nahiago?
Aipatu gabe geratu da txistukaria. Mailegua zaharra balitz s > z aldatu beharko zuen. Hala ere, herskari aurreko neutralizazioa gertatzea errazena da.
Bukatzeko, toponimoa bi garaietan sortuko ahalko zen, baina ez dago ziurtasunik zein zen egiantzekoa. Beharbada, mikrotoponimoa izanik, Erdi Arokoa izango zen. Baina badira toponimo ugari oso hedapen gutxikoak, baserri izenak eta, erromatarren garaikoak izan daitezkeenak, Amatiño bezala.
Ez ote da Demostenes izen greziarraren laburdura modukoa edo euskarara ekarritako aldaera bat izango?
ResponderEliminarAukera bada baina antroponimo horren lekukorik balitz Euskal Herrian edo inguruan Erromatar garaia edo Erdi Aroan, errazagoa litzateke onartzea. Modestus izenean oinarritutako etimologiak aldaketa bat, oso ohikoa ez dena, behar du, metatesi bat. Bestela, Demostenes izentetik aldaketa handiena sudurkariaren desagerpena litzateke, eta hori arrunta da mailegu zaharrenetan.
ResponderEliminar