martes, 22 de enero de 2019

Mitxenea toponimoak

Mitxenea izena duten bi baserri daude Gipuzkoan, bata Albizturren, bestea Leaburun.
Oikonimoak direnean, etxe izenak, oso arrunta da oinarrian antroponimoa izatea. Horrelako toponimo askotako azken zatian -(r)en + -a agertu ohi da. Toponimoa analizatu eta oinarria *Mitx(e)- izan liteke, baina horrelako antroponimo ezagunik ez dago.
Oztopo nabarmena da lekuko zaharrik ez izatea, bada antzekotasun nabarmena duen antroponimo bat, Mintxe, behin gutxienez agertzen dena, Colección Documental del Archivo Municipal de Bergara. III. Fondo Iturbe-Eulate (1401-1520) liburuan: Minche de Arriluçea, 1510. urtean, 598. agirian.
Beraz Mintxe zegoenez, bi toponimoek horrelako sorrera izango zuten: Mintxe + -(r)en + -a > *Mintxerena > *Mintxenea > Mitxenea. Azken urratsa azaltzeko geratzen da eta hor sudurkari disimilazioa gertatuko zen, n-n > Ø-n. Lehenengo sudurkaria galdu zen eta bigarrenak iraun zuen.
Azkenik, geratzen da azaltzeko Mintxe-ren jatorria eta horretarako Domintx hipokoristikoa aipatu beharra dago, P. Salaberrik bere Izen ttipiak euskaraz liburuan jasoa.
Gaztelaniaz Domingo/Mingo izan bazen, euskaraz Domintx/Mintxe bikotea sortu zen, beste askoren artean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario