martes, 29 de enero de 2019

Andrakina toponimoa

Arabako toponimo honek bi lekuko baino ez ditu, bat eratorria, G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburuan dagoena:
"ANDRAQUINA, 1785, labrantío de Durana.
ANDRAQUINAOSTEA, 1699, labrantío de Durana".
Beraz toponimo nagusia Andrakina zen eta eratorria Andrakinaostea, oste 'atze' + -a erantsiz.
Toponimoaren analisiari dagokionez, oinarria antroponimo hutsa izango zen, Andrekina. Izen honek hainbat aldaera baditu: Andrekina, Anderkina, Andrekiña, Andrikina, Enderkina, Indelkina, Inderkina. Ziurrenik badira hemen jarri ez den beste aldaeraren bat.
Antroponimoaren jatorriaz, J. Viejoren “La onomástica asturiana bajomedieval” tesian jarritakoa ontzat har liteke:
"Andrequina (f.)
Variantes: Anderquina, Andrequina, Andriquina, Enderquina.
Documentación: Anderquina Menendiz a.1233 (or.) CDSPelayoOviedo 1,150 n°77, Enderquina Garcia a.1247 (or.) PergComellana 313 n°7, Andrequina Suariz a.1299 (or.) CDSPelayoOviedo 1,310 n°175, Andriquina Ferrandiz a.1421 (or.) CDVegaOviedo 315 n°124, y otros.
Origen: Quizá en relación con el vasco AND(E)RE «señora, mujer casada», a su vez en posible relación con el céltico ANDERA (Caro Baroja 1943: 518; Michelena 1973: 47), que interviene en múltiples formaciones en la antroponimia peninsular medieval (Irigoyen 1994: 16). El segundo elemento de la formación estudiada sería el sufijo vasco de genitivo -KO, que también puede presentar valor de diminutivo, particularmente con nombres de seres animados (Michelena, 1973: 115), reduplicado con la terminación latina -INA."
Nahiz eta dirudienez izena euskal jatorrikoa izan, lekuko gutxi dira euskal lurraldeetan aurkitzen direnak, eta horrek Andrakina ezohiko bihurtzen du.
Andrekina-ren aldaera ugarien artean ez dago Andrakina. Beraz, bi azalpen izan daitezke Arabako toponimoa argitzeko. Edo Andrekina-ren aldaera *Andrakina izan zen baina jaso gabe gertatu zela, edo toponimoa inoiz *Andrekina izan zen eta gero, bokal asimilazioaren eraginez Andrakina bihurtu zen. Kontuan izan behar dugu andra dela and(e)re hitzaren sartaldeko aldaera eta horrek, edo antroponimoa aldarazi zuen, edo toponimoa. Ez dago *Andrakina antroponimoaren aldaerarik jasorik, beraz, hipotesi ekonomikoena da uste izatea hasieran toponimoa *Andrekina zela eta gero aldatu zela.

Eguneraketa (19-02-26)
G. Lopez de Gereñuk aurrean aipatu liburuan bildutako toponimoen artean bada Andraquitia omen zena:
"ANDRAQUITIA, 1723, término en Durana."
Kontuan izanik herri horretan Andrakina bazela, baliteke Andraquitia hori kakografia izatea eta benetan Andrakina izatea, <n> zena <ti> balitz bezala ulertua. Beraz, 1723. urteko lekuko hori gehitzekoa litzateke Andrakina toponimoaren lekuko urrien kopurura.

No hay comentarios:

Publicar un comentario