viernes, 29 de abril de 2022

Bikendi toponimoa

 Bikendi toponimoa hiru aldiz agertzen da Gipuzkoan, Azpeitian eta Zestoan badaude Bikendi izena duten baserriak, eta Urola ibaiaren erreka baten izena da.
XX. mendeko bigarren erdialdeko bi lekuko daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

BIKENDI (prop.), Urrestilla ballara, Azpeitia
BIKENDI (col.), Aizarna ballara, Zestoa

Toponimo hauetan guztietan Bikendi antroponimoa, latin jatorrikoa. Ikus daitekeenez, izena ez da aldatu azken mendeetan, ezaguna da Bikendiren lekuko antroponimikoak, oso gutxi izateaz gain, oso zaharrak ere direla. Toponimian ale gehiago daude, Bikendaran toponimoa bezala, antroponimoaz gain haran izena duena.

Eguneraketa (2026-03-20):
Sarreran eman genuen lekukotza XX. mendekoa zen. Toponimoa argia zen eta alde horretatik ez zen arazorik etimologia egiteko. Hala ere, onena da lekuko zaharrak izatea eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendetik lekukoak daude:

Lekukoak Azpeitikoak direnez, lotura egin daiteke toponimoarekin eta deiturarekin. Beraz, oraingo lekukotza XVI. menderaino heltzen da.

Sansakorta toponimoa

Ataungo agiri zaharren artean toponimo bat dago, saroi batzuk aipatzean, Sansakorta izenekoa da, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuaren 12. agirian, 1404. urtean:

E otrosy, (en seis seles prinçipales), nonbradamente e sennaladamente en los seles de Sarriarte e Hurcullaga e de Yberondo e de Amurseta e Erroyondo e de Sansacorta...
Lekuko gehiago ez da aurkitu baina izena gardena da, eta agiriaren data ikusirik, oso zaharra. Toponimoak bi elementu ditu, Santsa antroponimoa eta korta, 'saroi' esateko erabili den hitza. Toponimo honetan aipagarria da antroponimo emakumezkoa izatea, ohikoa ez delako. Erdi Aroko agiri zaharretako antroponimoetan gehienetan gizonezkoak dira, toponimoetako antroponimoetan ere berdintsua izaten da, baina batzuetan emakumezkoak agertzen dira, Usoategi toponimoa bezala, Usoa antroponimotik sortua.

miércoles, 27 de abril de 2022

Mauruazarizolaza toponimoa

 Ataun inguruko saroi honen lekukoak Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuaren bi agiritan agertzen dira. Lekuko gutxi dira baina aldaerak asko. Lehenengo lekukoak 18. agirikoak dira, 1409. urtekoa dena. Lehenengo lekukoa dago 53. orrialdean:

Yten la mitad del sel de Mauruas açareyçolaça, el de suso.
Orrialde berean beste behin agertzen da:
Maruçariolaça
Eta oin-ohar batean agiriaren kopia baten aldaera dago:
Ídem dice “Maurua çariolaça”.
Hurrengo lekukoa 58. orrialdekoa da:
E bien asy la mitad de los seles de Vr[e]scotia e de Maruaçariolaça e de Fardaluscobaçiuerre e de Latosa  e de Fardaol,
Hurrengo lekukoa 59. orrialdekoa da:
...e Burançiçu e Aguiguerençiça e Hormaçar e Latosa e Pardalus e Maruaçariolaça e Alçolaça e Le\içaosveeracoa e Leyçaosgar\aycoa e Vrroytigaraycoa e a cada vno d’ellos...
Agiri honen azken lekukoa 63. orrialdean dago:
...el noveno el sel de Maruçariolaça...
Eta oin-ohar batean agiriaren kopia baten aldaera dago:
Ídem dice “Mauru açariçolaça”.
Azken lekukoa beste agiri batean dago, 34. agirian, 1452. urtean:
...primeramente el sel de Fardelus25 e el sel de Fitueta-ondarra e el sel de Mauruacarizolaça e el sel de Loyola-saroea e la meytad del sel de Ydoybelcibar e el sel [de] Otocor de yuso e el sel de Arpeolea e el sel de Fardelus-ausurdia.
Toponimoa luzea da eta nabarmena da aldaketa ugari agertzen direla, lehenengo silabatik hasita, diptongoa galdua da lekuko batzuetan, beharbada hurrengo silabaren bokalak eragina izan du: au-u > a-u. Beste aldaketa aipagarria da azken aurreko txistukaria galdu dela lekuko askotan, Mauruazarizolaza > Maruazariolaza, agian azken silabako txistukariaren disimilazioz.
Mauruazarizolaza bada azaltzeko izena, bi elementu nagusi izan ditzake, Mauruazariz- eta -olaza, azken honetan ola + -tza dago. Lehenengoan antroponimoa eta patronimikoa daude, Mauru eta Azariz, Azeari antroponimotik sortua. Mauru litzateke mairu izenaren aldaera, jatorrizkotik hurbilago dagoena, latineko maurus hitzetik, hain zuzen. Baina toponimo honetan ez dago izen arrunta, antroponimoa baizik. San Juan de la Peña monasterioko agiri zaharrenetan Bizkaiko lekuko batzuk daude, Mauri antroponimoarenak: Jaun Mauri Blascoz de Bosturia, 1070. urtean. Eta bi aldiz dago, data berean, patronimikoa: Sanxo Mauriz de Bosturia eta Munnio Mauriz suo germano.
Aztergai den toponimoan Mauru agertzen da, beharbada antroponimoa galdu ondoren, izen arruntarekin ordezkatua izan zen, eta inguru horretan mauru erabiliko zuten.
Patronimikoa, lehen adierazi bezala, Azeari antroponimotik sortua da, azeri animalia izenaren jatorri bera du, latinetik hau ere, asinarius izen arrunta latinean, antroponimo bihurtu zen, euskarara mailegatua izan zen eta gero, izen arrunt bihurtu zen.

Alaurria toponimoa

 Leintz haraneko Erdi Aroko toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Los señores de la guerra y de la tierra: nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores guipuzcoanos (1265-1548) liburutik jasoa, 249. agirian, 1477. urtekoa:

Este dicho dia que fue seys de noviembre de mill e CCCCLXXVII annos, en el dicho lugar de Galarça, en la casa llana d’ella, Pedro de Goytia, vecino e morador en el lugar de Alaurria, que es en tierra de Lenis...
Toponimoak arazo bat du, lekuko bakarra izanik ezin ziur izan akatsik gertatu ez dela, izena entzuterakoan, idazterakoan edo transkribitzerakoan. Baina, dagoen bezala analizatu ahal da, eta ez du ohiz kanpoko ezaugarririk islatzen.
Toponimoak hiru elementu ditu, artilukua zenbaturik. Beste biak dira ala izena eta urri izenondoa. Ala ez da oso hitz erabilia, baina lekukotza badu eta bigarren adiera egokiena izan daiteke:
[...]
2. (G, AN-gip, BN, Sal, R ap. A; -lh- L, BN, S ap. A; VocBN, Dv, H).
Pasto, acción de alimentarse. "Action des quadrupèdes qui broutent de l'herbe" VocBN. . "Action de paître" Dv. "Le paître, le manger. Behi hunek alha nekhea du, cette vache ci paît, mange difficilement" H. " Alha eder bat egin dute kabaleak egun mendian (S)" A.
Arrainak goizik alhari, / Har, ulitx edo txitxari, / Nun zer duketen janhari. Ox 126. Arradotarik zinen zu artzain bezala, / ikusi zaituztenek aitor dezatela; / beti berotu nahiz arima epela, / alha arruntetarik gaitzak zatozela, / guretzat etzitzaizun on larre uspela. Xa Odol 133.
Lekukoak sortaldeko eta erdialdeko eremuetakoak dira, beharbada garai zaharragoetan erabilera hori hedatuago zegoen.
Toponimoaren bi elementuak batu eta esanahia erraz ulertzen da, abereentzat bazka gutxiko lekua zela adierazteko.

lunes, 25 de abril de 2022

Digin antroponimoa

 Antroponimo hau behin agertzen da, Los señores de la guerra y de la tierra: nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores guipuzcoanos (1265-1548) liburuaren 11. agirian 1332. urtekoan: Diguin d’Araya.
Lekuko bakarra bada ere, izena analizatzea ez da zaila jakinik Diego antroponimoa badela, blog honetan aztertutako Diago toponimoaren sorburura Diago antroponimoa dela eta bien arteko lotura agerikoa dela.
Digin hipokoristikoa izan daiteke, bukaeran -in atzizki txikigarria dago, erdaratik jasoa eta euskal onomastikan lekua eskuratu duena. Oinarrian Diago zein Diego izan daitezke, tarteko bokal hori galdu delako.

Txerute antroponimoa

 Ataungo agiri zaharren artean Txerute agertzen da, behin, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuaren 55. agirian, 1511. urtean: Juan de Cherute.
Izenak gogorarazten du Txeru toponimoa, Txeru antroponimotik sortua dena. Azken zatian -te atzizkia dago, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan lekuko zahar batzuk daude, 64.-65. or.:

Peru, Peruko, Perute -> Txeru, Txeruko, Txerute: Cheru de Elorregui (Arra., 1511; Le. & G., 1998: 89), Cheru de Olaçabarren (Zeg., 1516, Po., 2001, 43, 239. or.), Cheru, Cheruco (Aramaio, Del Valle, 1934: 192-193 eta NVP, 585. Ikus orobat Knörr, 1998: 223), «Pero Ruis de Laris, dicho “Cherute”» (Ziortza, 1508, Enr. & Sar., 1989, 23, 245. or.), Cherute (ibid., 279. or.), Cheru de Corta (Legazpi, 1513, Aierbe, 2006, 290, 273-274. or.). Jose Lezamizen (1654-1708) Vida del Apostol Santiago liburuko Gabon kanta honetan ere ageri da Txeru: «Matxiniko / zer dio, Txeru? / Atzorik ona / ze barri dogu?» (Kaltzakorta, 1999: 135).
Salaberrik bi lekuko ematen dituenei beste bat gehitu ahal zaie, Ataungo hau.

jueves, 21 de abril de 2022

Zarrakin toponimoa

 Zarrakin da Erriberagoiti eta Erribera beitiko erreka baten izena eta tontor batena.
Lekuko zaharrik ez du baina toponimoa azter daiteke, jakinik Zorrakin antroponimoa bazela Erdi Aroan. Horrela, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan aipatzen da, 141. or.:

Zorrakin. Omaetxebarriak (1949: 157) Gaztelako agirietan agertzen den Zorraquinus aipatzen du, eta Sarracinus-ekin lotzen.
Zorraquín da Errioxako herri bat, aipatutako antroponimotik sortua. Zarrakin ere jatorri berekoa izan daikete, baina otopo bat dago, lehenengo silabako bokala oso bestelakoa da, /o/ izan beharrean /a/ delako. Beharbada asimilazio bat gertatuko zen: o-a > a-a. Baina Zorrakin antroponimoaren lekukoetan badira lehenengo bokala ezberdin duten lekuko batzuk. Lidia Kouznetsovaren Antroponimia medieval privativa de la Península Ibérica lanean iberiar penintsularen eskualdeetako antroponimiaren banaketa geografikoa dago eta antroponimo honen lekukoak horrela agertzen dira:
Noroeste: Zerraquin (3).
Centro: Zorraquin (3), Zorraquina f. (2).
Beraz, Zorrakin ez dago bakarturik, Zerrakin ere dagoelako. Beharbada Zerrakin aldaera izan zen Arabako toponimoaren sorburua. Hala izan bazen, asimilazioa ere izango zen: e-a > a-a. Baina Zerrakin izenaren erabilera eremua penintsularen ipar-sartaldean dago eta euskal lurretatik hurbilen zeuden lekukoetan Zorrakin baino ez da. Hala ere, lekuko gutxi izanik, ez zen harrigarria izango Zerrakin aldaera hemendik urrun ez izatea.
Laburtuz, Zarrakin toponimoan antroponimo bat dago, Zorrakin edo, beharbada, Zerrakin aldaera.

Zarkindegi toponimoa

Zarkindegi mendia Beartzun eta Aldude herrien artean dago, Pirinioetan, Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherearen artean.
Lekuko zaharrena zarquindeguico-mendia (1787) da. Geroko lekukoetan ezberdintasun batzuk daude, horrela, sarguindéguy (1863) izenean txistukaria aldaturik dago, eta batere ohikoa ez dena, belarea ere bai. Beharbada idazketa arazoa zen <q> zena <g> bezala irakurria izan zelako. Zorionez, lekuko gehiago daude eta hauetan hauetan konfirmatzen da Zarkindegi izena dela.
Bi dira analisi etimologikoak, lehenengoan halaxe adierazten da:

OBS.- 871 metros de altitud. Según DMR: "Significado dudoso. Del vasco -degi 'lugar de'. Existe la voz vasca zarkin 'trasto viejo'. En el lugar está ubicada la muga fronteriza 121".
Bestea hurrengo urtekoa da, 1999. urtekoa, Michel Morvanen Les noms de montagnes du pays basque lanetik jasoa:
Zarkindegui 860 m, comm. des Aldudes.
Écrit Sarguindéguy chez P. Raymond. Curieux nom peu clair. Ce pourrait être sarekin-degi “maison du fabricant de filets” ou une mauvaise graphie de hargin “maçon, tailleur de pierres” (?). Il y a en effet une maison Sarkindéa en contrebas de cette hauteur.
Lehenengo analisiak arrazoia izango luke, baina zehaztapen bat egin daiteke. Toponimoak bi elementu lituzke, zarkin eta -tegi atzizkia, sudurkari ondoren egoteagatik horzkaria ahostundu dela.
Zarkin, Orotariko Euskal Hiztegiaren sarreran:
zarkin.
1. (V-gip ap. Iz ArOñ ).
"Persona sin educación, tosca, abandonada" Iz ArOñ 245 nota. "Zarkiña: [...] Ori da zarkiñ zabitzena! " Ib. Quizá relacionado con zaharkin (q. v.).
Atso zarkinen bat eta arpegi zatarrekoa eskian badabil. msOñ 98. An dagitsoe eskale zarkinari arrera maitekorra. TAg GaGo 15. Ez kendu, orratio, agure zarkinari, biotzari irri-gogoa noznai damaion pattarra. TAg Uzt 253. Nekazaria kale-jazkeraz / nola jartzen dan ain zarkin, / ematen dute ote dijoan / asto bat krabeliñakin. And Auspoa 52-53, 62 (Villasante glosa: "zakar, itxusi").
2. "Zarkiña: jenixo zarkiñekua" Iz ArOñ. .
2.1
" Zarkiñ, (la) tierra tosca, dura" Iz ArOñ. .
Aipatutako lehenengo etimologian beste hitz bat litzateke, zaharkin:
zaharkin.
1. (Lh). (Sust.). Antigualla. "(L, Hb), vieillleries" Lh (pero en Hb solo hallamos xaharki con este sdo. ).
Ez ahal zuen berak horixe nahi? Ez ote zituen bere Lege Berriak haien lege zahar, uha zahar, zaharkinak oro ezeztu? Mde Pr 142.
1.1
(Sin sdo. peyorativo). Cosa del pasado.
Eta antzinako zaharkinekin ari naizenez gero, gehienetan bezala, Andima adiskide min eta euskalari trebeak [...] idatzi zidana aipatuko nuke hemen [...] Gernikako "Gabon-kante" delakoaren pasarte batez. MEIG I 251.

2. zarkin (V-ple-arr-oroz, G-goi-to, AN-gip ap. A). Trasto viejo.
3. "Zaarkin (V-m), remiendo del vestido" A.

4. (Adj.). Anticuado, envejecido. Cf. zarkin.
Itun au berria esatean, lengoa zarkintzat darakuskigu. Zarkin ta umela, berriz, aurki aitzekoa da. Ol He 8, 13 (Lç, Dv zahar, He antzutu, TB, Ker, IBk, IBe zahartu).
Esangabe doa bi hitzak loturik daudela, elementu berberez osaturik daudelako, zahar izenondoaz eta -kin atzizkiaz. Toponimorako, aldiz, egokiena lehenengoa litzateke, zarkin, pertsona baten izengoitia izan daitekeena. Beraz, Zarkindegi toponimoan Zarkin izengoitia zuen baten lekua litzateke, beharbada han etxola zuelako.

miércoles, 20 de abril de 2022

Montorra toponimoa

 Montorra da Bizkaiko toponimian behin eta berriz agertzen den izena. Horrela, Mungian basoa da, Muxikan baserria eta basoa, Larrabetzun baserria, eta Zornotzan industrialdea.
Azken bi toponimoen XVIII. mendeko lekukoak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Montorra [N, TO]
Montorra (la casa de) [Dudea (cofradia de)], Amorebieta, a.1799, FogVizcayaMs.
Montorra (la caseria de) [Aguirre (varrio de)], Larrabezua, a.1745, FogVizcayaMs.

Gainera, Montorza toponimo eratorria ere badago, Zornotzakoa:
Montorza [N, TO]
Montorza (la cassa de) [Dudea (cofradia de)], Amorebieta, a.1796, FogVizcayaMs.
Montorra toponimoetan montor hitza dago, eta ondoren artikulua:
montor.
1. "(V-ger), alud" A.
2. (V-ger ap. Holmer ApuntV ).
Colina. "Cima, cumbre" Holmer ApuntV. "Montorretik ezeuela topau beirik" Id. ib. ASJU 1969, 184.
Zelaiak montor biurtzeraño. Enb 61. Hemen be montorrak, sakon gune eta jalgi guneak. Baraia 77.
Montón.
Mukur txikitzen gogor / dabiz, ertzian. / Montorrak eiten dabez / eskaratzian. Enb 96.
Montorza toponimoan, aldiz, -tza atzizkia dago, ugaritasuna adierazten duena.
Orotariko Euskal Hiztegiaren lekukoek mende bat dute, XX. mende hasierakoak direlako eta, beraz, hemen aurkeztutako lekukoek data hori atzeratuko lukete, 150 urte, gutxi gora behera.
Nabarmena da montor izenaren antzekotasuna tontor izenarekin, beharbada oinarri bera dago bi hitz hauetan.

Diago toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra ezagutzen da, XV. mendekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburutik jasoa:

DIAGO, 1426, término de San Vicente Arana. TopAlavesa
Toponimo horretan antroponimo bat dago, Diago, Diego ezagunagoarekin lotua eta baita ere, Didako antroponimoarekin. Azken honen lekuko bat da Diakoburu toponimoa, bokalarteko horzkaria galdu duena.
Diago toponimoan antroponimo hutsa baino ez dago, hau ez da ohikoa baina aleak badira, Gariño toponimoa bezala, Garino antroponimotik sortua.

martes, 19 de abril de 2022

Bipertegi toponimoa

 Toponimo hau gizon baten izenean agertzen da, bi aldiz, Los señores de la guerra y de la tierra: nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores guipuzcoanos (1265-1548) liburuan daude bi aipuak, bietan izen bera, 145. eta 146. agirietan, 1368. urtekoan, Gonçaluo de Bipertegui. Bi aldietan Arabako beste gizon batzuen artean dago eta, beharbada, horrek esan nahiko luke Gonzalbo bera arabarra zela.
Bipertegi bi elementuz osaturik dago, bukaeran -tegi atzizki ezaguna eta hasieran piper izena, biper aldaerarekin:

piper.
tradizioa
Tr. Documentado en todos los dialectos desde principios del s. XVII. La forma gral. en la tradición labortana y bajo-navarra es bip(h)er; hay piper en Voltoire y Atheka, y phiper en los autores suletinos. Al Sur la forma gral. es piper; hay unos pocos ejs. de pipar. En DFrec hay 12 ejs. de piper y 3 de biper.
etimologikoa
Etim. De lat. piper.
Onom.: Johan Biperr. (1360) Arzam 180.
Ikus daitekeenez, Bipertegi eta piper izenaren lehenengo lekukoa garaikideak dira, XIV. mende erdialdekoak eta bietan biper aldaera dago. Gerora, hegoaldeko euskaran piper aldera nagusitu zen, b-p > p-p asimilazioa gertatu zelako.

Txarboran antroponimoa

 Txarboran antroponimo hipokoristikoa behin agertzen da, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuaren 45. agirian 1504. urtean Charborán de Esaiz dago.
Liburu beraren beste agiri batzuetan agertzen dira oso antzekoak diren izenak, 18. agirian, 1409. urtean, 53. or. Borborán de Vgarte, 61. or. Corborán de Vgarte eta 64. or. Gorborán de Vgarte. Liburuaren beste agiri batean, 27. agirian 1541. urtean Gorborán de Ybarluçea. Azkenik, Txarboran izena agertzen den agiri berean beste bi izen daude, 45. agirian 1504. urtean, Borboran eta Borboran de Echeverria, beharbada pertsona bera.
Beraz, hiru aldaera ezagunak zaizkugu Ataungo agiri zaharrenetan: Borboran, Corborán eta Gorborán. Hasierako herskariari dagokionak dira guztiak, batean, beharbada, asimilazioa izan da, bigarren silabako ezpainkariak hasierako herskaria asimilatu du, b-b sortuz. Besteetan, hasierako herskaria ahostundu da edo ahoskabetu, baina izenek Gorbaran toponimoa oroitarazten dute, aipatutako antroponimotik sortua. Sarrera horretan Erdi Aroko lekuko gehiago daude, Nafarroako agirietatik jasoak.
Aipagarria da C- > Tx- bilakaera gertatzeaz gain, hipokoristikoak sortzeko bide ohikoa, hasierako bokala ere aldatua dela, beste guztietan /o/ delako. P. Salaberrik Izen ttipiak euskaraz liburuan antroponimo oso antzekoa aipatzen du, 62. or:

Korboran (eta Gorboran inoiz) -> Txorboran: Chorboran de Echayz (Amezketa, 1519, Aierbe, 2006, 314, 345. or. Badaiteke Ch- hori [k] irakurri behar izatea, ez [c], baina hirutan azaltzen da, ez behin bakarrik) = Chorboran de Esays (ibid., 347. or.).
Bata Charborán de Esaiz da eta bestea Chorboran de Echayz, ziurrenik petsona bera da. Ezin da erabat baztertu, Txarboranen lehenengo bokala akatsa izatea. Jatorrizko izenaren egonkortasuna ez da handia, lekukoak ikusi besterik ez dago.

miércoles, 13 de abril de 2022

Belaztan toponimoa

Belaztan da Aralarko aurkintza baten izena. Toponimo honen informazioa Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian Belaztan orritik jaso da. Lekukotza oso urrikoa da, lekuko zaharrik ez dago eta bildutako guztiak gaur egungoak dira:

belaztan (1993)
Belaztan (2019)
Aldaerarik ez dago eta, beraz, analizatzeko izen bakarra dago. Oinarriko elementua argiena da, ia aldaketarik gabe agertzen delako, belatz hegazti izena edo eite bereko antroponimoa, Erdi Aroko lekuko zaharrenetan izengoiti erabilera nabaria da:
1 belatz.
Onom.: Agro de Gomiz Belaza. (963) BGCard 15. Nunnu Belagga. (991) Arzam 165. Alia vinea en valleio de belaza. (1084) Ib. 165. In belatz mendia. (1235) Ib. 165.
Hasierako bi lekuko hauetan ziurra da izengoitia dela, eta hirugarrenean antroponimoa litzateke. Azkenean antroponimoa zein hegazti izena izan zitekeen.
Belaztan izenaren oinarria ziurra da, baina azken elementuan aldaketaren bat gertatuko zen, hemen proposatuko denaren arabera, haran izango zen bigarren elementua. Beraz, belatz/Belatz + haran > *Belaztaran > *Belaztaan > Belaztan. Bilakaera berdintsua Lizarlan toponimoan ere gertatuko zen.
Toponimoak lekuko zaharrik ez izateak analisia zailtzen du, proposatzen diren aldaketak, ezohikoak ez badira ere, hipotetikoak dira eta horrek zalantzarako lekua uzten du. Gainera, ez da ahaztu behar toponimo oso antzekoa dagoela Pirinioz iparraldeko eremuan, Gère-Bélesten da Frantziako Pirinio Atlantikoak departamenduan dagoen udalerria. Antzekotasun nabarmena da eta gainera, badirudi toponimo horren etimologia euskara zaharrean aurki daitekeela. Horrela, A. Irigoienek, bere Estratificaciones toponímicas de tipo vasco en la Vallée d'Ossau (Béarn) lanean hauxe izkribatu zuen, 209. or.:
Belesten, ch. B. de Layris de Belesten a. 1277 CartOssau 3A (p. 56); Arnaut de Sacase de
Belesten
a. 1328 CartOssau 10A (p. 70); Bernat Clavarie de Belesten a.a.1356 CartOssau 14A (p. 92). La forma Belesten nos recuerda a Belex, Belexconis, genitivo con sufijo -co, CIL 167, Harbelex CIL 85, y ai sufijo -ten de Sembetten CIL 59, Cisonten CIL 337, aplicado a sembe > actual seme 'hijo', y a cison > actual gizon 'hombre', etc., cuyas formas aparecen en incripciones aquitanas de época romana.
Ezin da baztertu Aralarko toponimoan horrelako egitura izatea eta mendeen joanean izena eraldatzea, euskarazko egungo hitzetara egokituz. Baina lekuko zaharrik ez dagoenez, ezin da ziurtatu. Gainera, mendi aldeko toponimoa izanik, belatz + haran izen elkarketa izatea ez litzateke harrigarria izango.

Bonatzategi toponimoa

Bonatzategi toponimo ezaguna izan da Gipuzkoako hiriburuan, Donostiako toponimia lanean jasotzen den bezala:

BONATZATEGI: Bonaza/Bonasa (1595, Catalina de, E.H.A.1, 48 v.), Bonazategui (1649, Barbara de, E.H.A.4, 5 r.), Bonanzategui (1706, Antonio de, E.H.A.4, 2 r.), Bonazategui (1844, casa, D.U.A.-C-5-I-1691-1), Bonatzategui (1860, D.U.A.-D-7-1-P.); Bonatzategi (1989, D.U.T.B.). 64-14-3, M. I-3.
Honetan, lekuko zaharrena XVII. mendearen erdialdekoa da, baina badira lekuko zaharrago batzuk, Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, XVI. mendetik hona jasoak eta horien bitartez Bonatzategi toponimoaren lekukoak bildu dira:

Lekuko hauei esker, toponimoaren agerpen data ia mende bat lehenago aurrera daiteke, zaharrena 1563. urtekoa delako.
Toponimoak lau mende baino gehiago iraun du aldaerarik gabe eta, beraz, Bonatzategi da aztertzeko izen bakarra.
Toponimoak bi elementu lituzke, bonatza- ezezaguna eta -tegi. Baina Bonatza bera dago Dokuklik web-gunean eta horrek erakusten du Donostian ezaguna zela:

*Bonatza antroponimo emakumezkoa litzateke, hipokoristikoa ere izango zen, oinarrian Bona antroponimoa izango zen, Bonatxo toponimoan *Bonatxo izena izango zen, -txo atzizkiarekin. *Bonatzaren kasuan -(t)za atzizkia genuke, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuko 229. orrialdean -za atzizkia aipatzen da, oso lekuko gutxi izango lituzke atzizki honek: Anderaza, Gorriza eta Peroza.
*Bonatza euskaraz zein erdaraz sortu ahalko zen, oraingoz ezin erabaki zein liteke hipotesi egokiena, bietarako aukera dagoelako.
Bonatzategi toponimoa aztertzerakoan, izena bera azaltzeaz gain, *Bonatza antroponimo ezezaguna azaleratua izan da, duela mende asko erabilia izandakoa Donostia aldean.

lunes, 11 de abril de 2022

Diakoburu toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra ezagutzen da, XX. mendearen erdialdekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburutik jasoa:

DIACOBURU, término de la mojonera Salvatierra-Alzania.
Toponimoaren lekukotza oso urria da eta ez da antzinatasun handikoa, baina lekuko hau, dagoen bezala, analiza daiteke. Jakina, aldaketa ezezagunik gertatu bazaio, analisia bestelakoa izan liteke.
Toponimoak bi elementu lituzke, bukaerakoa buru izena da, toponimian batzuetan agertu ohi da, mugako lekua adieraziko luke edo gainalde batean dagoena, beharbada. Blog honetan badago Donorgiburua toponimoa, bere egitura litzateke done + Jurgi + buru + -a.
Aztergai den toponimoaren lehenengo elementua Didako antroponimoa izan daiteke, aldaketa bakarra bokalarteko horzkariari dagokio, galdu delako. Bilakaera hau ez da batere harrigarria, toponimo askotan ahozko erabileran bokalarteko /d/ edo /g/ oso erraz galtzen direlako.
Didako ez zen oso antroponimo erabilia baina aleak badira eta lekuko nafar batzuk eman zituen A. Irigoienek bere Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan:
2.43. DIDAKO: Erdi Aroan gure artean asko korritzen zuen izena, latinezko Didus, -i, / Didi(us), -ii, formatik -ko berrekailua itsatsirik sortua.
[...]
Ikus XIV menderako Nafarroan DIDACO, eta baita-ere DIAGO, eta DIAGOT, vokal arteko oklusivo gorra ozendurik: Garcia Didaco, (1330, PN-XIV, F.Est., 292 orr.), Artaxona-n; Diago, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 346 orr.), Vinaspre-n; Diago Ferrandiz, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 345 orr.), Leza-n; Diagot, (1366, PN-XIV, F.Pamp.-Mont., 540 orr.), en la rua Mayor de los Cambios (en el Burgo de Sant Cernin), Iruñean.

Keriketena toponimoa

 Zornotzako toponimoen artean Keriketena bada, batetik dago Keriketena baserria eta Keriketena basoa. Azkenik, Keriketenagoikoa izeneko txaleta bada. Guztietan lekukotza oso berria da, mende honetakoa, basoaren izen bat izan ezik, Keriketene, 1999. urtekoa. Aldaera gutxi daude, horrela, baserrirako daude kéketene, kéreketena eta keriketéna, guztiak 2008. urtekoak. Izen hauen atzean izen zaharrago bat susma daiteke, horregatik ahozko lekukotasunen ezberdintasunak.
Toponimo nagusia, ziurrenik, Keriketena da. Hortik aldaketak ongi azaltzen dira: bokal asimilazioa, kéreketena aldaeran eta bokalarteko dardarkaria galdu eta bokalak batu, kéketene aldaeran.
Toponimoaren azken zatian -(r)en + -a daude, ohikoak etxe izenetan eta ziurrenik hasierako toponimoa baserriari zegokiona zen, ondoren basora hedatua. Etxe izenetan ohikoa da PI + -(r)en + -a egitura, eta hobekien egokitzen dena Periket(e) antroponimoa litzateke, Periquete toponimoan dagoena. Azken honetan erdarazko izena izango zen, baina euskaraz ere erabilia izan zen eta horrela agertzen da P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan, 122. or.:

Periket (Per, Pero, Peru). Soraurengo Periquetena oikonimoan azaltzen zaigu (1589, Ih.p., 2, 1605, 1606, Ue.p., 42; 1726an Periquitenecoa ageri da). Saurak Benasquen (1999-2000: 174) Petriquet bildu du.
Salaberrik Soraurengo Periquetena aipatzen du eta Zornotzako toponimoarekin berdintzeko aldaketa bakarra beharrezkoa da, herskari asimilazio bat, p-k > k-k: *Periketena > Keriketena. Aldaketa erraztuko zuen toponimoaren lekukotza izkribatu gabea. Izena mendeetan ahoz transmitituko zen eta horrela, proposatutako aldaketa errazagoa izango zen.

jueves, 7 de abril de 2022

Belaio toponimoa

Belaio da Oria ibaiaren erreka baten izena. Lekuko zaharrik ez dago, baina izenean aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, erraz analiza daiteke.
Toponimoak elementu bakarra izango zuen, antroponimo bat, hain zuzen. Pelaio izena ezaguna da Pirinioz hegoaldekoentzat eta toponimoan aldaketa bakarra gertatu zaio, hasierako herskaria ahostundu da, mailegu zahar askotan gertatzen den bezala.
Antroponimo honek aztarrena utzi zuen euskal lurretan, K. Mitxelenak eta A. Irigaraik egindako
Nombres vascos de persona lanean agertzen den bezala:

Parai *Perai Pelayo: top. Donaparai (sin duda de *Perai) Aberásturi (Alava), (Do)neperi ermita de S. Pelayo en Bermeo (Vizc.), Donaperi (señalado como dudoso por Eleizalde: ¿en qué sentido?) top. de Adana (Al.), que podria proceder también de Peri «Pedro». La villa de St·-Palais, actualmente Donaphaleu (sul. Donaphalé(g)ü) es llamada Donapalaio por Axular (p. 6) y S. Pouv., añadiéndole por error el artículo, escribe Donapalayoa: ésta es, sin duda, una forma más reciente.
Toponimo hauetan ikus daitekeenez, batzuetan bokalarteko l > r bilakaera gertatu da, baina ez beti. Belaio azken multzokoa litzateke, baina hasierako /b/ ez da beste inon agertzen eta horrek berezi egiten du toponimo hau, aldaketa zaharra izan litekeen arren, baina hori ez da beharrezkoa.

Jaunsuaga toponimoa

 Jaunsuaga da Deba ibaiaren erreka baten izena. Lekuko zaharrik ez dago baina toponimoa, dagoen bezala, analiza liteke. Jakina, lekuko zaharragoak izanez gero, izena aldaturik agertzen bada, etimologia ere aldatu beharko litzateke.
Toponimoak bi elementu lituzke, Jaunso antroponimoa eta -aga atzizkia. Normalean atzizki honek pluraltasun zentzua du, baina antroponimoen ondoren izanez gero, leku esanahia baino ez zuen izango.
Toponimoan gertatutako aldaketa bakarra oa > ua bokal disimilazioa izan da, ohikoa euskararen eremu askotan.
Jaunso izenak, bere aldetik, bi elementu baditu, jaun eta -so atzizkia. Bi lekuko baino ez zaizkio ezagutzen, A. Irigoienek erakutsiak, De re philologica linguae uasconicae V izenburuko liburuko Formación de hipocorísticos en la onomástica medieval de área vascónica lanean bilduak, 20. or.:

Iaunso hic rouorauit a.956 ChartValpuesta 33, Jaunso de Calullano [a.1108] DocLeire 222, frente a: Jaun Belça [a.1235-1236] CD PrioradoNavarra 263 [con jaun ‘señor’ como praenomen].
Jaunsoren lekuko zuzenak oso gutxi dira, beharbada gehiago izan daiteke eratorri toponimikoak, Jaunsola eta Jaolatza toponimoak aztertuak izan dira blog honetan lehenago, eta Jaunsuaga gehitu ondoren hiru lirateke antroponimo honekin sortutako toponimoak, beraz, toponimo hauek lekuko antroponimikoak baino gehiago dira.

miércoles, 6 de abril de 2022

Onado toponimoa

Toponimo hau behin agertzen da, Erdi Aroan, eta Arabako erdialdean zegoen. Documentación Medieval de la Cuadrilla de Salvatierra: Municipios de Alegría-Dulantzi, Barrundia, Elburgo-Burgelu e Iruraiz-Gauna liburuan dago aipatutako lekukoa, B24 izeneko agirian, 1493. urtean:

E dende arriba, carrera derecho, fasta el mojon e termino de Onado.
Lekuko bakarra izanik, zalantzarako lekua dago, gainera, toponimoa ez da batere argia eta, zerbait esateko, euskaratik aztertzea zaila ematen du.
Onado, dagoen bezala, iluna bada ere, aldaketa baten ondorengotzat hartuz gero, emaitza argiagoa izan daiteke. Dirudienez, horzkari disimilazio bat gertatu zen: hasieran bi izango ziren eta ondoren bat galdu zen, hasierakoa: *Donado > Onado. Bilakaera hori gertatu zen blog honetan aztertutako Emandasoro toponimoan, oinarrian demanda izango zelako.
Euskaraz bazen donado hitza, ez oso ezaguna, baina erabilera izan duena:
donado.
1. (AN-ulz, B, BN-baig; VocBN , Hb, Dv, H), donadu (L, BN, R; Aq (AN), Añ (AN)). Ref.: A (donadu); EI 70; Iz Ulz ; Satr CEEN 1968, 189; Izeta BHizt.
Soltero; solterón. "Célibe" Aq 1107. "Celibato" Añ s.v. casandero. En Oroz Betelu, hijo soltero que se queda trabajando en la casa paterna (VocNav). "Donado hoiek ederki bizi dire" Izeta BHizt.
Tr. Documentado en autores septentrionales desde finales del s. XIX; al Sur lo hallamos en algún texto alto-navarro y en Aresti.
[...]
2. "Laïc qui s'est donné à un couvent ou une Église, et s'est obligé à continence" H.
Hitza jatorrian erdarazkoa zen, partizipio bat, donar -> donado. Euskarara mailegatua izan zen, baina lekukoak sortaldekoak dira, nafarrak eta Ipar Euskal Herrikoak. Hori, dena den, ez da oztopo gaindiezina, gainera, hitz horrek bigarren adiera ere bazuen, gaztelaniazko nagusia dena, donado hitzaren esanahia:
1. m. y f. Persona que, previas fórmulas rituales, ha entrado por sirviente en una orden o congregación religiosa.
Ziurrenik, toponimoa izendatzeko jabearen izengoitia hartuko zen. Ezin jakin zergatik hartu zuen izen hori, baina beharrezkoa den aldaketa, txikia izanez gain, erabat ezezaguna ez da.

Elgorri toponimoa

 Elgorri Donostiako labarra da. Lekuko zaharrik ez du, Donostiako toponimia izeneko lanean XX. mendearen azken urteetako lekuko bat baino ez du:

ELGORRI; Elgorri (1989, D.U.T.B.), 40-62-8, M. I-1.
Euskaraz badago elgorri izena, baina gaixotasun izena denez, ez da egokia toponimo baterako. Toponimoaren etimologia beste alde batetikoa da, beharbada aldaketa fonetiko bat gertatu da, haplologia, hau da, bi silabak berdinak edo oso antzekoak direnean elkartzen badira, bat bakarra geratzen da. Hala izan bada, elge izena hainbat toponimotan ageri da, Elgeta, Gipuzkoako herria izenean eta blog honetan aztertutako Erkuden eta Elguen toponimoetan. Azken bi hauek elementu berberez osaturik daude, baina denborak aldarazi zituen, oso ezberdin bihurtuz.
Elgorri toponimoan elge eta gorri izango genituzke, hasieran *Elgegorri edo *Elgagorri sortuko bazen ere, laster izena laburtuko zen, egun dagoen aldaera nagusituz.