martes, 29 de octubre de 2019

Emandasoro toponimoa

Ezkioko toponimo honen lekuko bakarra bada Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa izeneko liburuan, beraz, lekukoa 1625. urte ingurukoa litzateke. Horrela agertzen da Ezkio herriko etxe izenen zerrendan:
... Izaguirre, Mendizabal, Igarzabal, Osinalde, Berroeta, Aeta, Hemandasoro, Zubiaurre.
Toponimoaren hasieran <h> badago ere, jakinik XVII. mendean, eta are askoz lehenago ere Gipuzkoako euskaran hasperena galdua zegoela, toponimoa idazterakoan ez da kontuan hartu. Lekuko bakarra denez, azterkekorik besterik ez dago eta blog honetan analizatutako toponimo gehienak bezala, bi elementuz osaturik litzateke, emanda- ezezaguna eta soro, hau oso hitz arrunta.
Zalantza bakarra, orduan, lehenengo elementuari dagokio. Hitz antzekorik bilatu eta egokiena gaztelaniazko demanda litzateke, euskarara mailegatu demanda bezala, hau da, aldaketarik gabe. Hitzak izan du erabilera, nahiz eta handia ez izan. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, bi esanahia izan ditu:
1. (Lcc, Urt).
Demanda.
2. (V-gip, G-azp). Ref.: Etxba Eib; Elexp Berg.
Disputa, discusión, jaleo.
Beharbada garai batean toponimoa *Demandasoro izan zen eta gero hasierako d- galdu zen, agian horzkari disimilazioagatik edo hasierako d- hitzen urritasunak, areago toponimian, erraztuko zuen bere galera. Demanda izena toponimian ez da ohikoa, bain badira ale batzuk, adibidez, Burgosko Demanda mendilerroa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario