Gariño toponimoa bi aldiz agertzen da Gipuzkoan, Gabirian tontor bat da eta Oiartzunen, baserri bat.
Oiartzungo Gariño oso zaharra da, gutxienez XVI. mendetik jaso da testuetan, hala agertzen da Oiartzungo toponimia izeneko liburuan, 145. or.:
Gariño. Baserria.Beraz, toponimoaren aldaketa bakarra sabaikaritzea izan da, urrats hau automatikoa da, eta lekukoaren arabera, XVI. mende bukaeran beharbada ez zen oraindik gertatua.
Ez da Garaño izenarekin nahastu behar, bi baserri diferente dira. Beti —ñ- letraz idatzita agertu da 1578ko dokumentu batean izan ezik (OGPAR Leg 3/002014 Fol 32). Bertan, Garino gisa, —n— letraz, transkribatua dago.
Toponimoak, dirudienez, ez du aldaketa gehiagorik ezagutu, eta dagoen bezala, analizatzekoa da. Erdi Aroko euskal antroponimo bat da, Garino, hain zuzen. Izen honek Galindo erdal izenaren euskal egokitzapena jaso du, bokalarteko l > r gertatu zaiolako, baita nd > n ere. Baina azken aldaketa hau ondoko erdaretan ere ezaguna da, eta ez da ezinezkoa erdaratik jasoa izatea. Hori jakinik ere, euskaraz ere badira nd > n bilakaeraren adibideak, Aldani toponimoa bezala.
Badago zalantzarako lekua, jatorrian toponimoa Garindo zen ala Garino? Garindo bazen toponimoan bertan gertatu zen nd > n laburketa. Baina bi antroponimoak izan zirenez, bietarako aukera bada. Beharbada ekonomikoena litzateke hasieran Garino izan zela, baina hori ez da ziurra.
Antroponimoa, dela Galindo, Garindo edo Garino ezaguna da, behin baino gehiagotan bada toponimian eta blog honetan bi toponimo aztertuak izan dira, Galindarte eta Garinduaga toponimoak.
Edonola ere, Garino euskaraz erabilitako antroponimoa da, zalantzarik ez dago eta baserri izen askotan bezala, jabearen izena jasoko zuen eta hori geratuko zitzaion mendeetan, egun duen izen bera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario