Mostrando entradas con la etiqueta Alaman. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Alaman. Mostrar todas las entradas

sábado, 27 de marzo de 2021

Alamandegizar toponimoa

 Alamandegizar Donostiako baserria da. Lekuko zaharrik ez dago, Donostiako toponimia izeneko laneko informazioak ez du urte askorik, 1989. urteko lekukoa bildu dutelako, baina behintzat beste datu bat gehiago ematen dute, Alamandegi berri izeneko toponimoa bazela:

ALAMANDEGI BERRI: Alamandegi berri (U.T.); Alamandegi berri (1989, D.U.T.B.). 64-20-7, m. C-5.
ALAMANDEGI ZAHAR: Alamandegi zahar (U.T.); Alamandegi zahar (1989, D.U.T.B.). 64-20-7, m. C-5.
Dirudienez, etxe bat izango zen Alamandegi izena zeukan, eta beste etxe bat eraiki zutenean, beharbada etxe zaharretik hurbil, biak bereizteko, batek Alamandegizar izena hartuko zuen eta besteak, Alamandegi berri.
Toponimo zaharra izango zena, Alamandegi, ez da zaila analizatzeko. Atzizkia -tegi ezaguna da, sudurkari ondoan horkaria ahostundu dela. Oinarrian Alaman antroponimoa izango zen:
Alaman
Erdi Aroan maizxko erabili zen egun deituretan eta etxe izenetan gordetzen den hau. Jatorriz latineko Alamannus 'alaman herrikoa' hitzetik dator. XIV. mendean Iruñean, Zangozan eta Lizarran (Nafarroa) ageri da.
Etnonimoa izango zen jatorriz, baina gero antroponimo bihurtu zen eta Euskal Herrian ere ezaguna eta erabilia izan da. Lekuko toponimiko batzuk utzi ditu, esaterako, blog honetako Alamena, Galdakaoko toponimoa. Antroponimo eratorri bat ere sortu zen, *Txalaman, Txalamanenea toponimoaren oinarria.

viernes, 20 de noviembre de 2020

Alamena toponimoa

 Alamena Galdakaoko baserria da.
Izen honen XVIII. mendeko lekuko zaharrak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Alamaena [N, TO]
Alamaena (la caseria de) [Vengoechea (varrio de)], Galdacano, a.1745, FogVizcayaMs.
Alamena (la casa de) [Vrretta Urizar Aguirre Bengoechea Jugo (varrios de)], Galdacano,
a.1796, FogVizcayaMs.

Bi lekuko baino ez dira, Alamaena eta Alamena, eta, zalantzarik gabe, Alamaena aldaera, zaharragoa izateaz gain, toponimoaren etimologia aurkitzeko oso lagungarria da.
Toponimo honetan aldaketa bat gertatu zen XVIII. mendea baino lehenago, sudurkarien disimilazio bat, eta bietatik bat galdu zen, prozesu ezaguna da. Atzeranzko urratsa egin eta *Alamanena izango genuke, hau da Alaman PI + -(r)en + -a. Alaman jatorriz etnonimoa zen, baina gero antroponimo bezala erabilia izan zen, bai erromantzean eta baita euskaran ere. Egun erabiltzen den hitza aleman da, Alemaniako jatorrikoa.

Eguneraketa (2026-03-23):
Sarrera honetan emandako lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak dira, baina lekuko gehiago daude Relación toponímica general de Galdácano lanean:

Alamena: 1637, cas. de Bengoeche (otr. denom. Alemán y Alamán).
Alamena-Chiquerra: Cas. de Bengoeche.
Alamena-Nagosia: (ver Alamena). Cas. de Bengoeche.
Ikus daitekeenez, lehenengo lekukoa da besteak baino mende bat zaharragoa; toponimoaren etimologian aldaketarik ez dago.

martes, 30 de enero de 2018

*Txalaman antroponimoa

Euskal antroponimian badira toponimiaren bitartez bakarrik ezagutzen diren antroponimoak, adibidez, blog honetan aztertutako *Bonatxo, baserri izen batean baino agertzen ez dena.
*Txalaman litzateke beste adibide bat, hau ere Errenterian aurkitua, Txalamanenea etxe izenean.
Analisia *Txalaman + -(r)en + -a litzateke, oinarria ezezaguna dena. Antzekotasuna bilatu eta Alaman antroponimoa litzateke, etnoizena. Garai batean 'alemaniar' esanahia izango zuena eta gerora pertsona izena ere bihurtua. Aldaketa bakarra, hasierako txistukaria. Horrela *Txalaman litzateke Alaman-en hipokoristikoa. Baina *Bonatxo edo beste hipokoristikoetan ez bezala, ez zen atzizki txikigarririk erabili, tx- batez gehitu zitzaion balio hipokoristikoa.